
Klubean 50 urteko antzinatasuna duten bazkideei omenaldia
Klubean 50 urteko antzinatasuna duten bazkideei omenaldia
1975ean Athleticeko bazkide egin ziren 240 lagunek urrezko intsigniak jaso zituzten San Mamesen, Klubarekiko duten fideltasuna eta konpromisoa aitortzeko
Behar den bezala, eta urtebete igarota, joan den asteartean San Mamesen urrezko intsigniak eman zitzaizkien bost hamarkada hauetan Athletic Clubekin lotura ezabaezina izan duten pertsonei. 240 bazkide bildu ziren San Mameseko Ipar Aretoan, omenaldia jasotzeko. Jon Uriarte presidentea, Zuzendaritza-Batzordeko ordezkaritza zabalaren buru, egutegi zuri-gorrian urtero egiten den hitzordu garrantzitsu honetan egon zen.
1975 ia urte anonimo bat bezala igaro zen Athleticen historian. Kopako azken garaipenaren eta Koldo Agirreren eskutik etortzeke zegoen aldabakada handiaren arteko erdibidean. Garaiko estilorik klasikoenean, Athleticek atzaparrak ateratzen zituen San Mamesen... eta azukre koxkor bat bezala desegiten zen etxetik at. Bisitari gisa zuen trebetasun eskasak bigarren itzuli ahazgarri batean aurrera egitea eragotzi zion. Izan ere, azken hilabetean etxean egindako sekulako indar erakustaldia ere beharrezkoa izan zen zerumuga iluna argitu eta, hala, sailkapenaren erdialdean amaitzeko.
Kopak ere ez zuen Ligan bizitakoa hobetu. Luis Aragonesen Atletico Madrilek finalerdietan irabazi zuen Rafa Iriondoren mutilen aurka. Txapelketa hartatik, behintzat, Realaren aurkako kanporaketa liskartsua (penaltien bidez gaindituta) eta, batez ere, Atotxako partidan Andoni Goikoetxea izeneko erdiko atzelari ezkertiar gaztearen debuta (18 urterekin) geratzen dira gogoan.
75/76 denboraldiko lehen zatian ere ez zen gehiegi aldatu aurreko marrazkia. Iriondoren mutilek hegan egin zuten Katedralean, besteak beste, Sevilla, Bartzelona, Atletico, Real edo Valentzia gaindituz -ikusgarria izan zen ‘che’ taldearen aurkako norgehiagoka, 5-1 irabazten ari baitziren 30. minutua bete baino lehen, urduritasuna eta ordua eskatzen amaitu zen partidan-, eta etxetik kanpo, berriz, berdinketa gutxi baino ez zituzten lortu.
Athleticen Urrezko Ezteiak ospatzen dituzten bazkide hauen ordezkaritza batek Katedraleko berdegunetik agurtuko du igande honetan, Getafe CFren aurkako partidaren atarikoetan.
Eskerrik asko eta zorionak!
