Jean-Luc Ettori, AS Monacoko mitoa, One Club Man 2026

Jean-Luc Ettori, AS Monacoko mitoa, One Club Man 2026

'Rouge et Blanc' atezaina Frantziako futbolaren historiako ikur handietako bat da, eta ezin hobeto irudikatzen ditu elastiko baten koloreekiko maitasuna, zaleenganako leialtasuna eta klub batekiko identifikazioa: AS Monaco.

AS Monacoko mitoa den Jean-Luc Ettoriri 2026ko One Club Man saria emango dio Athletic Clubek. Atezain frantziarrak 19 urteko ibilbidea osatu zuen, 1975etik 1994ra, Frantziako futbolaren talde entzutetsuenetako baten atea defendatuz: AS Monacoren atea. 755 partida jokatu zituen ‘Rouge et Blanc’ taldearen elastikoa jantzita; hrixe da Printzerriko taldearen goitizena.

Hala, Jean-Luc Ettori izango da Jamie Carragherren ondorengoa Athletic Clubek ematen duen saririk ospetsuenaren irabazleen artean. Horrez gain, honako saridunen zerrendarekin bat egingo du: Matthew Le Tissier (Southampton FC), Paolo Maldini (AC Milan), Sepp Maier (FC Bayern Munich), Carles Puyol (FC Barcelona), Billy McNeill (Celtic FC), Ryan Giggs (Manchester United FC), Ricardo Enrique Bochini (CA Independiente Avellaneda), João Pinto (FC Porto), Giuseppe Bergomi (FC Internazionale Milano) eta aipatutako Jamie Carragher (Liverpool FC). Futbolaren historia ulertzea ia ezinezkoa litzateke izen horiek gabe.

2026ko OCW saridunak, Jean-Luc Ettorik, garaikurra jasoko du, eta San Mamesen merezitako txalo zaparrada jasoko du Athletic Clubek eta Real Madrilek abenduaren 6ko asteburuan jokatuko duten partidaren atarian (eguna eta ordua zehazteke daude).

AS Monacori leialtasunez eskainitako bizitza

1955eko uztailaren 29an Marseillan jaioa, jatorri korsikarrarekin, Ettori 1975ean iritsi zen AS Monacora, 20 urte besterik ez zituela. 1977an, Yves Chauveau orduko atezain titularraren lesioak atea behin betiko ireki zion; ordutik, ez zuen ate bera 19 denboralditan utzi, eta 755 partidarekin klubeko errekorra ezarri zuen.

1978an, AS Monacok Frantziako Liga irabazi zuen, gorengo mailara itzuli eta urtebetera. Titulu hura bere ibilbidean irabaziko zituen Frantziako hiru ligetako lehena izan zen; beste biak 1982an eta 1988an eskuratu zituen. Horiez gain, Frantziako hiru Kopa irabazi zituen, 1980an, 1985ean eta 1991n, baita 1985eko Challenge des Champions txapelketa ere. Azken hori Superkoparen antzeko lehiaketa da, Ligue 1eko txapelduna eta Frantziako Kopako txapelduna aurrez aurre jartzen dituena.

Ettoriren mailak Frantziako selekziora eraman zuen. Michel Hidalgok aukera eman zion Les Bleus taldearen atea defendatzeko, eta Ettori hasierako hamaikakoan azaldu zen 1982ko Espainiako Munduko Txapelketan. Era berean, San Mamesen jokatzeko aukera izan zuen Ingalaterraren aurka. Frantziako selekzioarekin bederatzi partida jokatu zituen, horietako sei Munduko Txapelketa hartan, eta Frantzia laugarren sailkatu zen.

Arsene Wenger aulkian zela, AS Monacok jauzi kualitatiboa eman zuen. Ettori beteranoa zen ordurako, kapitaina eta belaunaldi baten ahotsa. Urrezko Izarra (Étoile d'Or) saria eskuratu zuen; Frantziako lehen mailako (Ligue 1) denboraldi bakoitzean jokalari nabarmenena eta erregularrena saritzen duen aitortza da hori. Gainera, 22 partida golik jaso gabe amaitu zituen 1989/90an. Denboraldi hartan, Ligue 1eko gol gutxien jaso zituen atezaina izan zen; gauza bera gertatu zitzaion 1980an, 1982an eta 1984an.

Ettorik Onnis, Amoros, Bellone, George Weah, Emmanuel Petit, Youri Djorkaeff, Lilian Thuram, Jürgen Klinsmann eta Glenn Hoddle bezalako izarrekin partekatu zuen aldagela.

Ia bi hamarkadaz, Jean-Luc Ettori AS Monacoko atezaina baino askoz gehiago izan zen: klubaren aurpegia, kapitaina, erreferentea eta, denborarekin, Frantziako futbolaren historiako ikur handietako bat.

AS Monacorekin zuen loturak erretiroa hartu ondoren ere jarraitu zuen, Jose Angel Iribarrek Athleticen egindakoaren antzera. Batez ere, atezainen entrenatzaile aritu zen, baina lehen taldeko entrenatzaile izateko esperientzia laburra ere izan zuen, baita kirol zuzendari lanetan jarduteko aukera ere.

Jean-Luc Ettori: AS Monaco bere etxe bihurtu zuen mitoa.

OCM 2026 DOSSIERRA IKUSI