‘Kenny Dalglish’ filmak XIV. Thinking Football-ari emango dio hasiera

‘Kenny Dalglish’ filmak XIV. Thinking Football-ari emango dio hasiera

Asif Kapadiak zuzendutako dokumentalak Athletic Club Fundazioaren zinema eta futbol jaialdiaren beste edizio bati emango dio hasiera. Nazioarteko hainbat herrialdetatik iritsitako istorio inspiratzaileak proiektatuko dira Sala BBK aretoan

Gaur, astelehena, azaroaren 9an, Sala BBK aretoak jasoko du XIV. Thinking Football Film Festivalaren inaugurazio-ekitaldia. Athletic Club Fundazioak sustatutako zinema eta futbol jaialdiak, beste behin ere, zinema eta futbol zaleen topagune bihurtuko du Bilbo.

Jaialdiari hasiera emateko aukeratutako filma Asif Kapadia zuzendariaren Kenny Dalglish dokumentala izango da. Oscar sariaren irabazlea da Kapadia, Amy, Senna eta Diego Maradona lan ezagunen egilea. Zinemagileak bere azken lana aurkeztuko du Bilbon: Britainia Handiko futbolaren mito handienetako baten erretratu intimoa. Artxiboko irudi ugariren eta argitaratu gabeko testigantzen bidez, dokumentalak jokalari eta entrenatzaile eskoziar historikoaren ibilbidea errepasatzen du. Urteek aurrera egin ahala, Liverpoolen eta hiri oso baten ikur bihurtu da Dalglish.

Asif Kapadia, Bruce Grobbelaar eta Sammy Lee Sala BBK aretoan

Proiekzioan Asif Kapadia bera izango da, baita Liverpool taldearen bi mito ere: Bruce Grobbelaar eta Sammy Lee. Hirurek ikusleekin egingo den ondorengo solasaldian parte hartuko dute.

Saio honetarako sarrerak agortu ziren Thinking Football Film Festivalaren aurkezpenaren biharamunetan.

Datozen egunetan, jaialdiak hainbat herrialdetatik iritsitako dokumentalak eta filmak eskainiko ditu. Besteak beste, identitatea, memoria, inklusioa, erresilientzia eta futbolak gizartean duen eraldatzeko gaitasuna jorratuko dituzte lan horiek.

Informazio gehiago nahi izanez gero, THINKING jaialdiaren webgunean aurki daitezke aurtengo edizioaren xehetasun guztiak, baita aurreko edizioei eta jaialdiaren saridunei buruzko atalak ere.

Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik erreserbatu behar da, HEMEN