
Thinking Football eta “Dalglish”, estreinaldi hunkigarria
Thinking Football eta “Dalglish”, estreinaldi hunkigarria
Sala BBK Areto betearekin, Asif Kapadia Oscar saridun zuzendariaren filmak ikusleak hunkitu zituen Athletic Club Fundazioaren zinema-jaialdiaren inaugurazioan
Thinking Football Film Festival jaialdiaren XIV. edizioa atzo ezin hobeto inauguratu zen Sala BBK Aretoan. Estreinaldiak arrakasta izateko osagai guztiak zituen, eta emaitza bikaina izan zen.
Lehenik eta behin, zuzendari ospetsu baten film aparta izan zen, Asif Kapadiarena, ‘Amy’ filmagatik Oscar saria irabazi zuena. Bigarrenik, protagonista, Kenny Dalglish, kirol-ibilbide bikaina eta giza dimentsio benetan hunkigarriarekin, bereziki Heyselgo eta Hillsboroughko tragedien ondoren bere gain hartu zuen eginkizun erabakigarriagatik. Hirugarrenik, Bilbon oso maiteak eta errespetatuak diren bi klub eta zale izan ziren protagonista: Celtic FC eta Liverpool FC. Eta, azkenik, luxuzko gonbidatuak izan ziren proiekzioaren ondorengo zine-forumean.
Bruce & Lee, bikote garaiezina
Liverpool FCren bi legenda, Bruce Grobbelaar eta Sammy Lee, Asif Kapadia zuzendariarekin eta Sid Lowe maisuarekin batera izan ziren filmaren ondorengo solasaldiko protagonistak. Sid Lowe aritu zen solasaldiaren gidari lanetan. Galder Reguerak, bere ohiko umorearekin, bi jokalari ohiak bikote garaiezin gisa aurkeztu zituen: Bruce & Lee. Eta, egia esan, haien presentziak ez zuen hutsik egin. Bi taldekide ohiek Kenny Dalglishen figura goraipatu zuten, ez soilik futbolaren ikuspegitik -ukaezina izan baitzen haren maila-, baita haren giza eta gizarte-alderdia nabarmenduz ere.
Kapadiak azaldu zuen bezala, filmak kirolaren eta giza dimentsioaren arteko oreka bilatu nahi du; izan ere, ez zuen zentzurik haren kirol-ibilbide bikainera mugatzeak, gizartearekiko izan zuen jarrerak eta konpromisoak eragin zuten inpaktu izugarria aipatu gabe. Red komunitatearentzat unerik zailenetan, Dalglish beti egon zen zaleen ondoan, Hillsboroughko tragedian haien errugabetasuna defendatuz. Tragedia hartan, Liverpoolen 95 zale hil ziren. Urte asko igaro behar izan ziren Dalglishek beti defendatu zuen egia argitara atera arte.
Nerea Ortizen inaugurazio-hitzaldia eta George Dowellentzat publikoaren saria
Gaua Athletic Clubeko presidenteordea den Nerea Ortizen inaugurazio-hitzaldiarekin hasi zen. Hitzaldian Jose Angel Iribarri eta Sala BBK aretoan bertan izan zen Bilbao Athleticeko lantalde osoari egindako aipamenak ere izan ziren. Presidenteordeak eskerrak eman zizkion Txopori jaialdiari etengabe eskaintzen dion babesagatik eta, batez ere, Euskal Herri osoarentzat den sinboloagatik. Horren harira, Kenny Dalglish bere komunitatearentzat denarekin alderatu zuen.
Ondoren, George Dowellek Thinking 2025eko Publikoaren Saria jaso zuen, EITBren ordezkari Andrea Ibañezen eskutik. Trafiko-istripu baten ondoriozko kalte-ordaina futbolarekiko eta bere komunitatearekiko maitasun-ekintza bihurtu zuen gizonak txalo zaparrada bero eta luzea jaso zuen Sala BBK Aretoko ikusleen eskutik. Gaur, filma hezkuntza-zentroentzako emanaldi berezi batean ikusi ahal izango da, 11:00etan.
“Diego Maradona” (17:30) eta “The Last Guest of the Holloway Motel” (19:00)
17:30ean, Thinking jaialdiaren bigarren jardunaldian, “Diego Maradona” proiektatuko da, Asif Kapadiaren lanik ezagunenetako bat. Argitaratu gabeko ehunka orduko irudietatik abiatuta, dokumentalak Diego Armando Maradonaren bizitza bikain eta gorabeheratsua errepasatzen du, garai guztietako futbolaririk eraginkorrenetako batena.
Eguneko egitaraua “The Last Guest of the Holloway Motel” filmarekin amaituko da. Identitateari, sekretuei eta adiskidetzeari buruzko istorio hunkigarria da, eta Tony Powellen urratsak jarraitzen ditu. Norwich City taldeko etorkizun handiko jokalari ohia izan zen Powell, futbolaren mundutik hamarkadetan desagertuta egon zena.
Bi saio hauetarako sarrerak agortuta daude.
Informazio gehiago nahi izanez gero, THINKING jaialdiaren webgunean aurki daitezke aurtengo edizioaren xehetasun guztiak, baita aurreko edizioei eta jaialdiaren saridunei buruzko atalak ere.
Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik erreserbatu behar da, HEMEN

