
Athletic Clubek eta NFLk 'Watch Party' ekitaldia errepikatuko dute
Athletic Clubek eta NFLk 'Watch Party' ekitaldia errepikatuko dute
Iazko arrakastaren ondoren, San Mamesek azaroaren 26an hartuko du berriro amerikar futbolaren jaialdia, Thanksgiving Day dela eta. Hainbat jarduera egingo dira, eta Chicago Bears eta Detroit Lions taldeen arteko partida eskainiko da
Athletic Clubek eta National Football League-k (NFL) NFL Experience Bilbao ekitaldiaren bigarren edizioa ospatuko dute datorren azaroaren 26an, ostegunean, San Mamesen. Horretarako, beste 'Watch Party' ekitaldi bat antolatuko dute, Esker Ematearen Eguneko (Thanksgiving Day) partida tradizionalaz gozatzeko: Chicago Bears eta Detroit Lions taldeen arteko norgehiagoka (19:00etan).
Lehen edizioak izandako harrera bikainaren ondoren, bi erakundeen arteko lankidetzaren hasierarekin batera iaz ospatu zena, Katedrala amerikar futbolaren zaleak biltzeko gune bihurtuko da berriro. Doako jardunaldia 17:30ean hasiko da, eta zuzeneko partidaren emanaldia hainbat jarduerarekin uztartuko da.
Bertaratzen direnek paseak zehaztasunez jaurtitzeko jokoetan parte hartu, gaiari lotutako photocall-etan argazkiak atera eta tailgate guneaz gozatu ahal izango dute. NFLren tradizio ezagunenetako bat da hori, partiden aurretik zaleak elkartzen dituena.
Zure sarrera lortu
Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da NFL OnePass aplikazio ofizialean. Interesa duten pertsonek bertan erregistratu eta NFL Experience Bilbaorako sarrera erreserbatu beharko dute.
“Iazko harrera bikainaren ondoren, pozgarria da San Mameseko ateak berriro irekitzea NFLrekin batera hain jardunaldi berezi batez gozatzeko. Bigarren edizio hau aukera berri bat izatea nahi dugu kirolarekiko dugun grina partekatzeko, amerikar futbola zale berri gehiagori hurbiltzeko eta San Mames kirol-kultura desberdinen arteko topagune bihurtzen jarraitzeko”, adierazi du Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak.
Bestalde, Rafa de los Santos NFL Espainiako zuzendari nagusiak lankidetza honen jarraipena nabarmendu du: “Iazko arrakastaren ondoren, oso pozik gaude Athletic Cluben eskutik Bilbora itzultzeaz eta NFLrentzat hain data berezia den Thanksgiving Day berriro zaleekin partekatzeaz”.
Bigarren edizio honek jarraipena ematen dio Athletic Cluben eta NFLren arteko lankidetzari. Azkenaldian, Lezaman egindako flag football kliniketan ere islatu da lankidetza hori, Chicago Bears taldeko Roberto Garza mitoak parte hartu baitu bertan.
Hortaz, San Mamesen Thanksgiving Day ospatzeak Bizkaiko zaleei amerikar futbola gerturatzen jarraitzea eta bi erakundeen arteko kirol- eta kultura-loturak sendotzea ahalbidetuko du.
