Berriro orro egiteko derbia
Athletic Clubek eta Realak elkarren aurka jokatuko dute igande honetan Anoetan, eta Victor Martinen jokalariek garaipenaren bidera itzultzea izango dute helburu
Anoetak Realaren eta Athletic Cluben arteko derbia hartuko du igande honetan, 12:00etatik aurrera, F Ligako 11. jardunaldian. Partida aukera paregabea izango da Victor Martinen jokalarientzat, hiru jardunaldi garaipenik lortu gabe eman ostean berriro irabazteko. Etxekoek, berriz, lehoien puntu kopurua berdindu nahi izango dute sailkapenean. Donostiako taldea zortzigarren postuan dago, 13 punturekin, eta hiru garaipen, lau berdinketa eta hiru porrot pilatu ditu denboraldi honetan. Athletic Club, aldiz, laugarren postuan dago, 16 punturekin, lau garaipen, lau berdinketa eta bi porrot lortu ostean.
Lehoiek Real Madrilen aurka lortutako puntu baliotsuak emandako bultzada animikoarekin ekingo diote F Ligako hamaikagarren jardunaldiari. Ane Camposek azken unean sartutako golari esker, talde zuri-gorriak puntu bat eskuratu zuen eta Lezaman porrotik jaso gabe jarraitzea lortu zuen. Hala ere, Athleticek aurkari gogorra izango du aurrean Anoetan, Reala beti izaten baita gainditzeko talde zaila.
Donostiako taldea F Ligan bost jardunaldi jarraian galdu gabe iritsiko da igandeko norgehiagokara. Real Madrilen aurka etxean porrot gogorra jaso zuenetik (3-5), Realak hiru garaipen kateatu ditu (Valentziaren aurka 0-1, Barçaren aurka 2-1 eta Eibarren aurka 1-2), baita bina berdinketa ere, biak 1-1eko emaitzarekin, RCD Espanyolen eta Deportivo Alavesen aurka. Igandekoa jarraian jokatuko duen hirugarren euskal derbia izango da, baina etxean jokatuko duen lehena. Horregatik, bere zaleen aurrean hiru puntuak eskuratu eta sailkapeneko goiko postuetara hurbiltzea izango du helburu.
Berdintasun handia txuri-urdinen zelaian
Azken bost denboraldietan, Realaren zelaian jokatutako derbiek bi taldeen arteko berdintasun handia erakutsi dute. Lehoiek garaipen bat (2023-24), bi berdinketa (2025-26 eta 2022-23) eta bi porrot (2024-25 eta 2021-22) pilatu dituzte. Azken aurrekaria joan den denboraldian jokatu zen Anoetan, eta partida berdinketarekin amaitu zen (1-1), Agoteren golari esker. 2023-24 denboraldian, berriz, zuri-gorriak nagusitu ziren gutxieneko aldearekin (0-1), Nahikarik sartutako golari esker.
Ikusteko dago Athletic Club gai izango den Real Madrilen aurka erakutsitako joko onari jarraipena emateko eta garaipenaren bidera itzultzeko agertoki paregabean bere burua aldarrikatzeko.
Erlazionatutako partidak
Real Sociedad - Athletic Club



