
Blas Ziarreta hil da, Lezamako funtsezko erreferentea
Blas Ziarreta hil da, Lezamako funtsezko erreferentea
Santurtziko teknikariak hainbat ardura-kargu bete zituen Athleticen harrobian bi hamarkadatan, eta Bilbao Athletic ere zuzendu zuen Bigarren Mailan
Athletic Clubek biziki deitoratzen du Blas Ziarretaren heriotza. Bi hamarkada baino gehiagoz Lezaman lan ezberdinak egin zituen eta Athleticeko harrobiaren kudeaketan erreferentziazko figuretako bat izan zen.
Ziarretak Lezaman egindako lehen urteak aulkietan eman zituen. Bilbao Athletic zuzendu zuen bi denboraldiz Bigarren Mailan, 1991tik 1993ra. Aurretik, Sestao Sport entrenatu zuen (hiru alditan), baita SD Erandio eta SD Lemona ere. Ondoren, Gasteizko Aurrera, Burgos, SD Gernika, CD Badajoz eta SD Eibarren aritu zen. Azken horretan, 174 partida zuzendu zituen futbol profesionalean.
2004an, entrenatzaile-lana utzi eta Lezamara itzuli zen, Hitzartutako Klubekin Harremanetarako koordinatzaile lanetan. Lau urte geroago, eginkizun hori jokalariak erakartzeko eta haienganako lotura sendotzeko lanarekin uztartu zuen, Athletic Clubeko idazkari tekniko bihurtu aurretik.
Ordutik aurrera, Ziarreta funtsezko erreferente bihurtu zen Lezaman jokalariak erakartzeko eta haienganako lotura sendotzeko lanean, bereziki lehen taldera iritsi aurreko etapetan, eta gizonezkoen taldeen plantillak osatzen aktiboki lagundu zuen.
Ziarreta zintzotasunagatik, diskrezioagatik eta Athleticen interesen defentsan erakutsitako erabateko konpromisoagatik nabarmendu zen. Haren lanak Lezamaren hazkundeari lagundu zion 20 urte baino gehiagoz.
Klubak doluminik sentikorrenak helarazi nahi dizkie senideei, lagunei eta hurbileko guztiei. Gizonezkoen lehen taldeko entrenamenduaren hasierarekin bat eginez, Lezamako langile guzitiek minutu bateko isilunea gordeko dute.
Goian bego, Blas.
