"Agertokia edozein dela ere, irabazi egin nahi dugu"

"Agertokia edozein dela ere, irabazi egin nahi dugu"

Edin Terzić pozik agertu da taldeak orain arte San Mamesen egindako lan onarekin, baina irabazteko anbizioak etxean zein etxetik kanpo berbera izan behar duela azpimarratu du

Edin Terzić Athletic Clubeko entrenatzaileak prentsaurrekoa eskaini du Lezamako prentsa aretoan, ostiral honetan (21:00etan) San Mamesen RCD Espanyolen aurka jokatuko den partidaren atarian. Taldea sentsazio onekin iritsiko da neurketara, etxean erakutsitako jokoari esker, baina teknikari zuri-gorriak azpimarratu du irabazteko anbizioak berbera izan behar duela Katedralean zein etxetik kanpo: "Hiru puntuen alde borrokatzeko prest gaudela erakutsi behar dugu, agertokia edozein dela ere. San Mamesen partida onak egiten ari gara, baina agertokiak ez du axola, berdin-berdin irabazi nahi dugu".

Terzićek ziurtatu du taldea ondo prestatu dela neurketa honetarako, eta taldearen joko taktikoa nabarmendu nahi izan du: "Erdiraketa gehien egiten dituzten LaLigako taldeetako bat gara, azken herenean baloi-ukitu asko egiten ditugu, oso goian defendatzen dugu eta aurkariei arazoak sortzen dizkiegu goian presioa eginez. Alderdi guztietan hobetzen ari gara, erdiraketa gehiago egin, zelai erdian jokatu eta aurkarien bizkarrean espazioak aprobetxatu nahi ditugulako...". Hori guztia, "futbol arakastatsua arrakastatsua" egiteko helburuarekin.

RCD Espanyoli buruz, entrenatzaile alemaniarrak honako hau nabarmendu du: "Talde aktiboa da, eta baloiaren jabetza handia izatea gustatzen zaio. Aurkaria erakartzen saiatzen dira, erdialdean espazioak bilatzen dituzte, eta joko ona uztartzen duten bi aurrelari ere badituzte".

Eder Sarabia Espanyoleko entrenatzaileari buruz galdetuta, taldearen ardura hartu zuenetik San Mamesen bere bigarren partida zuzenduko duen teknikariari buruz, Terzićek haren ideietan jarri du arreta: "Azken partidetan haren ideia, nortasuna eta taldeak nola jokatzea nahi duen ikus daiteke. Ondo aritu da aurreko taldeetan, eta orain arte egiten aritu dena aztertu dugu".

Azkenik, Terzićek Manu Sarabia, Eder Sarabiaren aita, aipatu nahi izan du, Athleticen historian eta taldeak irabazitako azken Ligan izan zuen garrantziagatik. "Ez dut pertsonalki ezagutzen, baina badakit zer-nolako garrantzia izan zuen. Egoera hunkigarria izango da bientzat", amaitu du.