CD Numancia, Athletic Cluben aurkaria Kopako bigarren kanporaketan

CD Numancia, Athletic Cluben aurkaria Kopako bigarren kanporaketan

Lehoiek Los Pajaritos estadioa bisitatuko dute abenduaren 1ean, 2an edo 3an Bigarren Federazioko V. multzoko egungo liderraren aurka jokatzeko

Athletic Clubek CD Numanciaren aurka jokatuko du Kopako bigarren kanporaketan, Sorian, Los Pajaritos zelaian. Kanporaketa partida bakarrera jokatuko da abenduaren 1ean, 2an edo 3an, oraindik zehaztu gabe dauden egun eta ordutegian.

Soriako taldea, Bigarren Federazioko V. multzoko egungo liderra, lehen kanporaketako ezustekoetako bat eman ondoren iritsi da fase honetara. Izan ere, Bigarren Mailako Real Oviedo kanporatu zuen penalti jaurtiketetan, partida hiruna berdindu ostean.

CD Numancia, Estatuko futboleko talde historikoa eta Lehen Mailan lau denboraldiz aritutakoa, goiko mailetara itzultzeko borrokan ari da. Joan den denboraldian Lehen Federaziora igotzeko zorian egon zen, baina UD Poblenseren aurka galdu zuen igoera fasean.

Athletic Clubek aurtengo Kopako bigarren partida jokatuko du Los Pajaritos zelaian, aurreko kanporaketan AE Praten aurka 1-6 irabazi ostean.