
Vuelingek eta Athletic Clubek hegazkin zuri-gorri berria aurkeztu dute
Vuelingek eta Athletic Clubek hegazkin zuri-gorri berria aurkeztu dute
Taldeak Malagarako hurrengo ligako bidaian estreinatuko du hegazkin berria. 2024an lehen diseinu zuri-gorria aurkeztu zenetik, lehoien hegazkinak 190.000 bidaiari baino gehiago garraiatu ditu Europa osoan zehar
Vuelingek eta Athletic Clubek beste urrats bat eman dute euren arteko harreman sendoan, hegazkin pertsonalizatu berria estreinatuta. Hegazkinak azaroaren 27an, ostiralean, egingo du lehen hegaldia talde zuri-gorriarekin, LaLigako partida jokatzeko Malagara egingo duen bidaian. Lehen hegaldi ofizial horrekin, hegazkinak denboraldi berri bati ekingo dio, Athleticen nortasuna, koloreak eta marka Europa osoan zehar zabalduz.
Diseinu berriak Athletic Cluben ikur ezagunenei omenaldia egiten die, bai hegazkinaren kanpoaldean, bai barrualdean: futbolariei, koloreei, zaleei eta ereserkiari. Hain zuzen ere, azken horren bertsoetako bat, 'Goratu bedi munduan', diseinuaren ardatz nagusi bihurtu da.
Kontakizun hori hegazkinaren bi alboetan osatzen da, 'Bilbotik mundura' eta 'Beti zurekin' leloekin, Athleticen ezkutuarekin eta Klubaren sorrera-urtearekin, 1898arekin. Hegazkinaren behealdean, berriz, ereserkiak dioen bezala, 'Aupa mutillak!' aldarria ageri da, ikuspegi berezienetako batetik nortasun zuri-gorria indartzeko.
Horrez gain, lehen taldeko sei futbolari dira hegazkinaren kanpoaldeko protagonistak, bi alboetan banatuta: Unai Simón, Oihan Sancet eta Aymeric Laporte alde batean ageri dira, eta Nico Williams, Iñaki Williams eta Yuri Berchiche, bestean.
Esperientzia zuri-gorriak hegazkinaren barrualdean ere jarraitzen du, kabina osoa pertsonalizatu baita bidaia bakoitza % 100 athleticzale giroan bizitzeko: 'Athletic maila gorenera daramagu' leloa duten buru-euskarriak, Athleticen irudiekin apaindutako goiko konpartimentuak, komunetako ispiluak...
Elkarrekin hegan 2030era arte
Hegazkin zuri-gorri berria Vuelingek eta Athletic Clubek berriki berritutako babesletza-hitzarmenaren barruan kokatzen da. Akordioa beste lau denboraldiz luzatu dute, 2029/2030 denboraldira arte, eta horrek zortzi urteko lankidetza estua sendotzen du, babesle Premium eta airelinea ofizial gisa.
Gainera, joan den urritik, Vuelingen logotipoa praketatik lehen kamisetaren ezkerreko mahukara igaro da, eta entrenamenduetako praken gainean ere mantendu du bere presentzia.
Athletic marka, Europa osoan zehar
Vuelingek 2024ko abenduan Athleticen irudiarekin lehen hegazkina diseinatu zuenetik, hegazkin zuri-gorriak 1.300 hegaldi inguru egin ditu Europako 70 helmuga baino gehiagotara, eta 190.000 bidaiari baino gehiago garraiatu ditu.
Bestalde, Vuelingek Bilboren aldeko apustua indartzen jarraitzen du, estatuko bere bigarren operazio-base garrantzitsuena baita. Konpainiak Loiuko aireportutik igarotzen diren bi bidaiaritik bat garraiatzen du, eta urtean zehar 30 ibilbide baino gehiago eskaintzen ditu Bizkaiko hiriburutik. Datorren udarako Bilbon egoitza izango duen zortzigarren hegazkin bat gehitzea aurreikusita dago, eta, horrela, airelineak Euskadiren eta Estatuko zein nazioarteko helmuga nagusien arteko konektibitatea indartzen jarraituko du.
