
AC Museoak “Mexiko eta Bilbo artean. Futbolaren bidez partekatutako istorioak” erakusketa aurkeztu du
AC Museoak “Mexiko eta Bilbo artean. Futbolaren bidez partekatutako istorioak” erakusketa aurkeztu du
Aldi baterako erakusketak euskal eta mexikar herrien arteko loturaren historiaren zati bat berreraikitzen du, futbolaren bidez
AC Museoak “Mexiko eta Bilbo artean. Futbolaren bidez partekatutako istorioak” aldi baterako erakusketa inauguratu du gaur arratsaldean San Mamesen. Athletic Club Museoa, San Ignacio de Loyola Ikastetxea (Vizcainas, Mexiko Hiria) eta Arocena Museoa (Torreon, Mexiko) elkarlanean aritu dira proiektu honetan, futbolaren bidez euskal eta mexikar herrien artean lotzen dituen historiaren zati bat berreraikitzeko.
Bilbora iritsi aurretik, erakusketa joan den ekainean inauguratu zen, 2026ko Futbol Munduko Koparen harira. Aldi berean jarri zen ikusgai Mexikoko Vizcainas eta Arocena museoetan, eta harrera bikaina izan zuen publikoaren aldetik. Horrez gain, hedabideetan, kultur erakundeetan, nazioarteko erakundeetan, sare sozialetan eta plataforma espezializatuetan aipamen ugari jaso zituen.
Gaurko inaugurazio-ekitaldian izan dira Jon Ruigomez, Athletic Clubeko presidenteordea; Asier Arrate, AC Museoko zuzendaria; erakusketako protagonistetako batzuen senideak; eta Athletic Clubeko lehen taldeetako bi futbolari, Mexikorekin lotura dutenak: Mexikoko selekzioko nazioarteko atezaina, Alex Padilla, eta talde zuri-gorriko atzelaria, Bibiane Schulze, Bibi. Azken hori Belaustegigoitia familia mitikoaren Athleticen azken katebegia da (Patxoren birbiloba, Josemari Belauste handiaren anaia batena). Hain zuzen ere, Bibik Mexikoko erakusketaren inaugurazioan parte hartu zuen, Mexikoko euskal diasporaren, Belaustegigoitia familiaren eta Athletic Cluben arteko zubi historikoa irudikatzen duelako.
Kirola, migrazioa eta kultura-trukea
Erakusketak irudi eta dokumentu historikoak biltzen ditu, kirolaren, migrazioaren eta Kultura-trukearen bidez Euskal Herria eta Mexiko lotu dituzten gertakari esanguratsuenetako batzuetan barrena ibilbidea egiteko.
Argazki, argitalpen, dokumentu eta artxibo-materialen bidez, erakusketak hainbat istorio berreskuratzen ditu, hala nola Athletic Clubek eta Euzkadiko selekzioak Mexikon egindako birak, baita euskal jatorriko komunitateek eta pertsonaiek azteken herrialdean futbolaren garapenean izandako parte-hartzea ere.
Era berean, futbolari buruzko hausnarketa proposatzen du erakusketak, gizarteen arteko zubiak eraikitzeko, nortasun kolektiboak indartzeko eta milaka kilometrok banatzen dituzten baina historia partekatu batek lotzen dituen komunitateen arteko topaguneak sortzeko gai den kultura fenomeno gisa.
Erakusketaren beste helburuetako bat Mexiko eta Euskal Herriaren arteko harreman historikoen aberastasuna publikoari hurbiltzea da. Horretarako, migrazioek, kultura trukeek eta mende bat baino gehiagoan ehundutako sare sozialek bi lurraldeen eraikuntzan izan duten garrantzia azpimarratzen du.
