
Lezamak areto-futbola gehitu du kimuen prestakuntzara
Lezamak areto-futbola gehitu du kimuen prestakuntzara
2015eko Athletic A taldeak bi jardunalditik hona bere adineko Futbol 7ko Liga R-ko partidak eta haur-mailako areto-futbolekoak uztartzen ditu, jokalarien garapen integrala hobetzeko eta joko-denbora %20 handitzeko
Athletic Clubek Portugalgo, Brasilgo eta Herbehereetako punta-puntako harrobietan nahiko zabalduta dagoen jardunbide bat bere egin du, hastapeneko prestakuntza-lana osatzeko, kimu-mailan, areto-futboleko esperientzien bidez. Esperientzia horiek Lezamako jokalarien garapen integrala hobetzea dute helburu, astebururo kantxa batean partida bat jokatuz. Kimuak A taldeak (2015) duela bi jardunaldi ekin zion modalitate horri, Leioan, eta, dagoeneko, aldi berean lehiatzen da bere adineko Liga R txapelketan, bai Futbol 7an, bai haur-mailako areto-futbolean.
Lezamako arduradunek asteburuko joko-denbora handitu nahi dute, %20 inguru. Futbol 7ko partidetarako, hasierako asmoa bederatzi jokalariko deialdia egitea da, eta kiroldegiko partidetarako, berriz, sei jokalarikoa. Ekimen horren bidez, estimuluen aldakortasuna ere handituko da.
Aitor Ugartek, Entrenamendu Prozesuen zuzendariak eta proiektuaren bozeramaileak, honela azaldu du: “Areto-futbola futbolaren antzeko modalitatea da, baina testuingurua aldatzen da. Irtenbide motorrak eta taktikoak modu esploratzailean bilatzera bultzatzen ditugu jokalariak. Jokoari dagokionez, onurak dakartza mugikortasunean eta jokoaren jarraitutasunean; horrek, gainera, ahalegina edo nekeari aurre egiteko erresistentzia bezalako balioen garapena sustatzen du. Era berean, koordinazio-aukera gehiago eskaintzen ditu baloia erabiltzean, beste kontaktu-azalera batzuk erabiltzea bultzatuz; atezainen oin-jokoa eta banakako aurkako egoerak ere areagotzen ditu”.
Asmoa ez da areto-futbolean entrenatzea, baizik eta jarduera hori gutxiago zuzentzea eta haurrek euren esperientzietatik abiatuta ikastea eta partidetako saiakera- eta errore-esperientzien bidez euren burua antolatzea. Jokalariak modalitate batetik bestera txandakatuko dira. Athletic Clubek bere oinarri metodologikoari eutsiko dio: Futbol 7a, Futbol 11, kaleko futbola eta kirol aniztasuna.
FC Porto, Benfica, Fluminense eta PSV Eindhoven mailako klubak, bakoitza bere ñabardurekin, eredu eta motibazio-iturri izan dira Athleticentzat. Klubak hainbat bisitalditan ezagutu ditu haien programak.
