Mo Marley, Everton FCko ikurra, 2026ko One-Club Woman sariduna

Mo Marley, Everton FCko ikurra, 2026ko One-Club Woman sariduna

Ingalaterrako atzelaria jokalari eta entrenatzaile izan zen klubean ia mende laurden batez

Mo Marley (Liverpool, 1967), Everton FCko jokalari historikoa, Athletic Clubek 2026ko One-Club Woman saria emateko aukeratu du. Evertonen jokatutako 14 denboraldietan, Marleyk Premier League txapelketa irabazi zuen 1998an, baita FA Cup ere 1989an. Erdiko atzelari ospetsua izan zen, eta Ingalaterrako selekzioarekin 41 aldiz jokatu zuen.

Hala, Athletic Cluben One-Club Woman Award saria jaso duten futbolarien zerrenda ospetsuan sartuko da Marley. Honako hauek osatzen dute zerrenda: Malin Moström (Umea, 2019), Pia Wunderlich (1.FFC Frankfurt, 2020), Jennifer Zietz (FCC Turbine, 2022), Mati Martínez (Fundación Albacete, 2023), Maria Gstöttner (USV Neulengbach, 2024) eta Joelle Murray (Hibernian FC).

Zoritxarrez, arrazoi pertsonalak direla eta, Mo Marleyk ezin izango du saria San Mamesen jaso, hasieran aurreikusita zegoen bezala. Everton FCko legendak barkamena eskatu du ezin izango duelako bertan egon, eta sentitzen du Jean-Luc Ettori 2026ko One-Club Man saridunari ezin laguntzeagatik abenduan Athletic Cluben eta Real Madrilen arteko partidaren atarian egingo den sari-banaketa ekitaldian.


Klub bakarra, izen desberdinak: Leasowe Pacific / Everton Ladies / Everton Wome

Maureen Angela “Mo” Marley 1967ko urtarrilaren 31n jaio zen, Liverpoolen. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan, hiri horrek Everton FCren zein Liverpool FCren garaipen handiak bizi izan zituen, bai etxean, bai nazioartean. Marley testuinguru horretan hazi zen, eta haurtzaroan eta nerabezaroan auzoko taldeetan jokatu zuen, hala nola Connah's Quay eta Runcorn Ladies taldeetan. Hala ere, bere garaiko beste neska askok bezala, futboletik urrundu eta ikasketetan jarri zuen arreta.

Futbolarekiko grina, ordea, ez zen inoiz itzali, eta 1988an bere bizitza aldatuko zuen proiektuan murgildu zen. Marley Leasowe Pacific taldean hasi zen, pub batean sortutako senior mailako talde batean. Zazpi urte geroago, Everton Ladies izena hartu zuen taldeak, eta, gerora, behin betiko Everton FC Women izendatu zuten. 

Mo Marleyren senior mailako ibilbide osoa Everton FCn egin zuen, eta klubeko benetako erakunde bihurtu zen. Haren irudiak eta ekarpenak halako garrantzia hartu zuten, non Goodison Park-eko areto batek haren izena duen. Gainera, toffees taldeko zale talde batzuek klubeko lehen emakumezko jokalari gisa estatua bat izan dezala eskatu dute.

Soropiletik Everton FCko aulkira

Futbolari egin zuen azken etapan, Marley entrenatzaile izateko prestatzen hasi zen. Hala, Merseysideko neska eta gazteen futbol-garapenaren arduradun izendatu zuten, eta, 2001eko azaroan, oraindik Everton FCko jokalaria zela, Ingalaterrako 19 urtez azpiko selekzioko hautatzaile kargua hartu zuen. Handik hilabete gutxira, 2002ko udan, taldeko jokalari 14 urte eman ondoren, erretiroa hartu eta entrenatzailearen txandala jantzi zuen Everton FC zuzentzeko. Hamar urtez aritu zen karguan, eta tarte horretan FA Cup eta Ligako Kopa irabazi zituen. Premier League eskuratzetik oso gertu geratu zen, baina ezin izan zuen txapelketa irabazi.

Emakumezkoen futbola sustatzeko konpromisoa eta klubarekiko leialtasuna, futbolaz harago doazen balioak.

VER DOSSIER OCW 2026