
Lehoi Beltz peñak Txikieguna ospatu du Bartzelonan
Lehoi Beltz peñak Txikieguna ospatu du Bartzelonan
Bartzelonako peñak 200 bazkide ditu eta gazteenei eskaini die jai eguna
Bartzelonako Athleticen peñentzat erronka berezia da sentimendu zurigorria bizirik mantentzea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea, batez ere txikienak egunero inguruan beste kolore eta elastiko batzuk ikusita hazten direnean. Lotura hori sendotzeko, zer hoberik Bilbo erdiko zati bat Bartzelonaren bihotzera eramatea baino?
Horretan dihardu urtez urte Lehoi Beltz peñak. Aste honetan, Txikiegunaren beste edizio bat ospatu du, peñako bazkide txikienei eskainitako jaia. Jolasak, malabareak eta magia izan dira, eta, egunari amaiera emateko, Athleticen opariak banatu dituzte: pinak, eskumuturrekoak, ezkutuak, posterrak…
Sagrada Familiaren parkean egin dute ospakizuna, peñaren egoitza den Michael Collins irlandar taberna xarmagarriaren parean. Basilika atzean zutela, eguneko irudiak postal baterako modukoak izan dira, zuri-gorriak bete-betean.
