San Mames Jatetxeak etapa berri bati ekingo dio Jon Bellosorekin

San Mames Jatetxeak etapa berri bati ekingo dio Jon Bellosorekin

Athleticen estadio barruko jatetxeak eskaintza berritu du, sasoiko produktuan eta lurraldearekiko loturan oinarritutako sukaldaritza-proposamenarekin

San Mames Jatetxeak etapa gastronomiko berri bati hasiera eman dio, Jon Belloso sukaldari bizkaitarra bere sutegietan sartuko baita. Katedralean bertan kokatutako jatetxeak bere eskaintza berritu du, euskal sukaldaritza garaikidearen aldeko apustua eginez. Proposamen horretan, bertako eta sasoiko produktuek eta tokiko ekoizleek protagonismo berezia dute.

Etapa berri hau Aramark-ek kudeatzen du, eta jarraipena ematen dio San Mameseko eskaintza gastronomikoari. Partida-egunetatik harago, estadioaren erakargarritasunetako bat da jatetxea, ingurune berezi batean eta Bilboko zein Bizkaiko nortasunarekin estuki lotuta dagoen esperientzia gastronomikoaz gozatzeko aukera ematen baitu.

Santurtzikoak jatorriz, Jon eta Miren Bellosok partekatzen duten proiektuak Kantauri itsasotik Bilborainoko ibilbide gastronomikoa proposatzen du. Horretarako, arreta berezia eskaintzen diete artisau-arrantzari, baratzeko produktuei eta lurraldeko ekoizle txikien lanari.

“San Mames barruan sukaldatzea ardura handia da, baina, aldi berean, inspirazio-iturri izugarria da. Plater bakoitzak Bizkaiaz, bertako ekoizleez eta sukaldaritza ulertzeko dugun moduaz hitz egitea nahi dugu: jatorriarekiko errespetuz, baina egungo ikuspegitik”, adierazi du Jon Bellosok. Aurkezpen ekitaldian Nerea Ortiz Athletic Clubeko presidenteordea eta Alejandro Rego, Ane Elexpuru eta Maitante Vilariño Athleticeko lehen taldeko jokalariak izan dira.

 

Produktuari eta sasoiari lotutako eskaintza

Karta berriak euskal gastronomiaren zapore eta prestaketa tradizionalak uztartzen ditu gaur egungo interpretazioarekin. Kantauri itsasoko arrainek, sasoiko barazkiek eta Euskal Txerria bezalako produktuek osatzen dute eskaintza. Merkatuaren eta osagaien eskuragarritasunaren arabera egokitzen da proposamena.

Jatetxeak hainbat menu-aukera eskaintzen ditu, bi, hiru edo lau urratseko proposamenekin. Horiek osatzeko, ardoen hautaketa zaindua eskaintzen du, inguruko jatorri-deiturei arreta berezia eskainiz, hala nola Bizkaiko Txakolinari eta Arabako Errioxari.

San Mames Jatetxeak bazkari-zerbitzua eskaintzen du asteartetik igandera, eta afariak ostegunetik larunbatera. Partida-egunetan itxita egoten da. Eskaintza gastronomikoari eta erreserbei buruzko informazioa jatetxearen kanal ofizialetan kontsulta daiteke.

 

SAN MAMES JATETXERA JOAN