NFLren festa handiak San Mames girotu du berriro

NFLren festa handiak San Mames girotu du berriro

500 lagun inguru bildu ziren Katedralean Athletic Clubek eta NFLk antolatutako ‘Watch Party’ ekimenaren bigarren edizioan

San Mames futbol amerikarraren zaleen topagune bilakatu zen berriro ostegun honetan. 500 lagun inguru bertaratu ziren zelai zuri-gorrira, Athletic Cluben eta National Football Leagueren (NFL) eskutik, Estatu Batuetan urtero ospatzen den Eskerrak Emateko Eguna ospatzeko. Chicago Bears eta Detroit Lions taldeen arteko partida zuzenean ikustea izan zen eguneko ekitaldi nagusia.

Arratsaldeko lehen ordutik, bertaratutakoek futbol amerikarraren kulturan murgiltzeko aukera izan zuten hainbat jardueraren bidez: paseen zehaztasun-jokoak, photocall tematikoak eta tailgate gunea, NFLko zaleen artean partiden aurreko orduetan errotuen dagoen tradizioetako bat.

Festa-giroa eta kirolarekiko grina partekatua izan ziren Bilboko NFL Experience ekimenaren bigarren edizioko protagonista nagusiak. Ekimenak bi erakundeen arteko lankidetzari jarraipena eman dio.

Harreman horren beste adibide bat duela hilabete eskas izan genuen Lezaman, Chicago Bears taldeko Roberto Garza jokalari ohiaren parte-hartzearekin antolatutako flag football saioetan.

Athletic Clubek eta NFLk elkarren arteko loturak sendotzen jarraitzen dute, futbol amerikarra Bizkaiko gizartera hurbilduz eta San Mames kirol-kultura ezberdinen topagune bihurtuz.