Terzic: “Suspertzeko aukera dugu”

Terzic: “Suspertzeko aukera dugu”

Zuri-gorrien entrenatzaileak ate aurrean eraginkortasuna hobetzearen eta Gabonetako etenaldiaren aurretik erabakigarritzat jotzen duen lehiaketaren tarte honetan puntuak batzearen garrantzia azpimarratu du

Edin Terzic hedabideen aurrean agertu da Lezaman, Athletic Clubek Malaga CFren aurka jokatuko duen partidaren atarian. Zuri-gorrien entrenatzaileak garaipenaren bidera itzultzearen eta lehoiek aurretik duten egutegi zorrotzari sentsazio onekin ekitearen garrantzia nabarmendu du: “Suspertzeko aukera dugu. Entrenamenduetarako dugun azken aste osoa da, ondoren astean bi partida jokatu beharko baititugu”.

Athleticeko entrenatzaileak bere jokalari-zerrendaren zabaltasuna nabarmendu du, eta LaLigan hainbeste futbolari erabiltzearen arrazoiak azaldu ditu: “Talde bikaina eta oso orekatua dugu. Europako lehiaketarik jokatzen ez dugunez, jokalari gehiago erabiltzen ditugu LaLigan. Lesioak, lan-kargak eta jokalarien freskotasuna direla eta, aldaketak egiten ditugu”. Era berean, denboraldi honetan sei jokalarik debuta egin izana nabarmendu du: “Gure izaeraren parte da”.

Erasoko jokoari dagokionez, Terzicek ate aurrean eraginkortasuna hobetzeko beharra azpimarratu du: “Azken bi partidak irabazteko adina aukera sortu ditugu, baina ez dugu lortu. Eraginkortasuna landu behar dugu”.

Malaga CFri dagokionez, entrenatzaileak neurketaren zailtasunaz ohartarazi du, talde andaluziarrak sailkapenean duen postua gorabehera: “Oso emaitza estuak izan dituzte, eta partida lehiatuak jokatu dituzte. Sailkapenean duten postua engainagarria izan daiteke. Sasoi onean dauden jokalari onak dituzte”.

Azkenik, Terzicek datozen asteetako egutegiaren garrantzia azpimarratu du: “Gabonen aurreko tarte honetan puntuak batu eta emaitza onak lortu nahi ditugu, denboraldiko une erabakigarria baita”.