Real Oviedo - Athletic Club

Real Oviedo - Athletic Club

Real Oviedo
Real Oviedo
02
Athletic Club
Athletic Club
  • Peke 23'
  • S. Ortega 84'

KokapenaCampos del Llance , Unquera

Garaipena eta nagusitasuna Real Oviedoren aurka Unqueran

Zuri-gorriek 0-2 gainditu dute 1. RFEF mailako talde asturiarra errenta handiagoa izan zitekeen partida batean

Lehoiek beste garaipen bat lortu dute denboraldiaurreko bere bigarren neurketan. Joan den ostegunean Sporting Braga mendean hartu ondoren, zuri-gorriek 0-2 irabazi zioten Real Oviedori, hasieratik bukaerara arte nagusi izan ziren norgehiagokan.

Lehen zatian, Iraia Iturregik hamaikako hau aukeratu zuen: Paula, Nevado, Garazi, Marta Unzue, Oihane, Estefa, Monente, Jone Amezaga, Arana eta Peke. Bi taldeei erritmoa ezartzea kosta zitzaien, El Llanceren baldintzetara moldatu behar baitziren. Pekek markagailua irekitzeko aukera izan zuen 19. minutuan, baina Oviedoko defentsa bat goleko marrara bota zen baloia sarera bidean zihoala. Hori bai, Arrigorriagakoak gola lortu zuen jarraian, Nevadok korner batean egindako erdiraketa ona lehen zutoinean buruz errematatuta. Jone Amezagak, arrisku handia sortu zuen ezker hegaletik eta Aranak bezala, langara bidali zuen baloia. Markagailuan aldea handizeko abagune argiak izan zituzten biek.

Atsedenaldiaren ostean, honako jokalari hauek zelairatu ziren: Amaia, Eunate, Bibiane, Valdezate, Amaia Martinez, Itxaso, Claudia, Nekane, Sara Ortega, Yulema eta Azkona. Sara Ortega gaztea urrutiko jaurtiketa batekin saiatu zen, baina gora joan zitzaion. Yulema Corres eta Azkona ere area zapaltzen hasi ziren. Bestalde, Aninak gertu izan zuen berdinketa asturiarrentzat, Amaia Peña ezustean harrapatu nahian.

Claudiak, behetik egindako jaurtiketa batekin, eta Itxasok area kanpotik gola sartzeko aukerak izan zituzten. 84. minutuan Sara Ortegak lehoien bigarren gola lortu zuen Azkona eta Yulemaren arteko jokaldi eder baten ondoren. Peke bezala, 17 urteko gaztea ere golegileetako bat izan zen joan den ostegunean Lezaman. Nekanek ere langarekin topo egin zuen, Eunateren baloi bat era akrobatikoan errematatuz.

0-2ko emaitzarekin amaitu zen partida, eta lehoiek minutuak batu zituzten denboraldiaurreko bigarren norgehiagokan. Datorren asteazkenean, abuztuak 10, Medina de Pomarren berriro lehiatuko dira 1. RFEF-eko beste arerio baten aurka: SD Eibar, pasa den denboraldian maila galdu zuena.