Athletic Club - Madrid CFF
Jardunaldia 8
Liga F

Athletic Club - Madrid CFF

Athletic Club
Athletic Club
12
Madrid CFF
Madrid CFF
  • 13' Pinedo
  • Karen 37'
  • Cris Librán 80'

KokapenaLezama 2 , Lezama

Madrid CFF taldea nagusitu da Lezaman

Clara Pinedoren gol olinpiko batekin irabazten hasi da Athletic, Nanclares falta egin ziezaiokeen beste halako jaurtiketa batek berdindu du neurketa, eta hamar minuturen faltan kanpoko taldeak erabaki du partida

Madrid CFF taldeak 1-2 irabazi dio Athletici Lezaman, lehoien gotorlekuan zuten bolada onari amaiera emanez. Bisitariek, sailkapenaren goiko aldean sailkatuta, Clara Pinedoren gol olinpiko bikainarekin lehoien alde jarri den partida irauli dute. Madrildarrek kornerreko beste jaurtiketa zuzen batekin erantzun dute, Nanclares atezainari falta egin diotela baliatuta, eta norgehiagokak berdinketa usaina zuenean, Cris Libranek hiru puntu balio dituen gola erdietsi du.

David Aznarrek, azken egunetako neurketen gainkargak kontuan izanda, hasierako hamaikakoan zenbait aldaketa gauzatu ditu. Horietako bat Sanadriren itzulera izan da, Nahikariren lesioak behartuta, zuri-gorrien erreferentzia izan da gaurkoan. Nanclares ere atepera itzuli da eta norgehiagokako lehen minutuetan Luany aurrelari brasildarraren bi jaurtiketei erantzun bikaina eman die.

Partida lehoien alde 13. minutuan jarri da; izan ere, Clara Pinedok kornerretik zuzen-zuzenean baloia sarera bidali du. Gol benetan ikusgarria erdilari gazteak erdietsi duena.

Une hartatik aurrera, Madrid CFF Lezamako zelaian hobe kokatu da, 36.ean korner zuzen batekin ere berdindu du markagaila. Hala ere, lehoiek Nanclares atezainari hanka tenkatzeagatik falta egon zitekeela kexatu dira.

Zuri-gorriak aurretik jarri ahal izan dira atsedenaldiaren atarian Pinedoren beste korner batean. Landaluzek gogoz buruz jaurti eta atepean atzelari madrildar batek bertan behera utzi du.

Atsedenaldiaren ostean, Madrid CFF taldeak Pardo aurrelariaren langa miazkatu duen jaurtiketarekin lehen mehatxua egin du. Ordea, bigarren saiakeran, 79. minutuan, Cris Libranek Nanclaresen gelditu baten aldaratzea baliatu du garaipenaren gola egin eta Lezama izoztuta uzteko.