Athletic Club

Deportivok 1-Athletic Clubek 1: Gehiago merezi izan dute

Deportivok 1-Athletic Clubek 1: Gehiago merezi izan dute

Aste bidaiaria hasi baino lehen ez zirudien balantze txarra Ligako bi berdinketa eskuratzea Valentzian eta…

Aste bidaiaria hasi baino lehen ez zirudien balantze txarra Ligako bi berdinketa eskuratzea Valentzian eta A Coruñan eta Kopako finalerdietara heltzea. Astea amaitu eta gero, eta asteko “atsedenaldia” dastatzeko asmoz, zapore mingotsa geratzen zaigu Ligako balantzean. Valentzian ez ziren hiru puntuak eskuratu arerioak bereak eta bi gehiago egin zituelako, kirol kontuak azken finean.

A Coruñan, aldiz, ez da horrela gertatu eta etxeko taldeak bereak eta bi gehiago egin dituen arren, kirolarekin harreman zuzena ez duten eragileek eragina izan dute azken emaitza askozaz hobeagoa izan ez zedin.

Egindakoa baikortasunez begiratu behar den heinean, honako hauek dira bapatean ondorioztatu daitezkeenak:

-Taldeak sendotasuna erakusten du, hamaikakoa edozein izanda. Hurrengo jardunaldian Orbaiz eta Etxeberria ez dira egongo Betisen aurka Riazorreko txartel festaren ostean, baina hamaika jokalariekin zelairatuko da taldea.
-Ligako zortzi partida jarraian darama taldeak galdu gabe eta hori adierazle ona da oso. Hauetatik lau dira etxetik at.
-Aurrekoarekin lotuta. Taldeak amaitu egin du etxetik kanpoko itxura kaxkarrarekin eta ondo ekiten dio norgehiagokari, arerioa zein den erreparatu barik.

A Coruñan ez da salbuespena izan. Taldeak aurpegia eman du eta partidaren bila abiatu da lotsa barik. Iruretaren mutilek ekimena eraman nahi izan dute, baina 7. minutuko Scaloniren errematearen ostean, Etxeberriak aukera izan du buruz 15. minutuan, Munuak baloia gelditu duen arren. Partida orekatu da oso, baina Tristanek 27. minutuan eta Luquek bi minutu beranduago, aurriskua sortu dute etxekoen aldetik. Honez gero, txartel festa hasia zen bestelako neurriekin bazen ere, baina zurigorriak hasi dira berotzen. Yestek Etxeberriarekin jokaldi polita egin du 30. minutuan, baina aurrelariak gora jaurti du. Tiko bitan saiatu da faltaz eta bitartean Luquek mugiarazi egin dio Aranzubiari 42. minutuan.

Argi zegoen: lehendabizi sartzen zuenak aukera asko izango zituen partida eskuratzeko. Eta Orbaizek berehala ospatu gura izan du bere urtebetetzea, 51. minutuan hain zuzen ere, eta izugarrizko zartakoa egin du ezkerrez urrutitik, eta golarekin erantzuten saiatu dira galiziarrak eta hor kirolarekin harreman zuzena ez duten gauzak azaleratzen hasi dira, ia gura barik, tantaz tanta, etengabe. Txartel festak segida izan du eta horrekin batera hainbat erabaki, gutxienez zalantzazkoak.

Horrela da epaileen lana, baina gutxienez zerau eskatu behar zaie: gertatzen den unean gertatu ei dena seinalatu ala jokatzen utzi. Horrela jokatzeko aukera izan dute 70. minutuan Etxeberria Munuaren aterantz abiatu denean gola egiteko 70. minutuan. Laguntzaileak jokoz kanpo zegoela deliberatu du. Bazegoen? Ez du ematen, baina ez du axola, horretarako daude, erabakiak hartzeko.

Andradek zutabera bidali du ia berehala, 73. minutuan, Yestek aukera izan du 78.enean eta partida kontrolpean izanda jokaldi eztabaidagarria etorri da 85. minutuan. Penaltia izan daiteke Solabarrietaren jokaldia Victorrekin ala kontrakoa izan daiteke. Auskalo. Epailea bertan zegoen, metro gutxira zeukan jokaldia. Ez du ezer ez seinalatu, ezta bere laguntzailea ere… eta jokoak segitu egin du eta itxaropena segunduak aurrera joan ahala… eta laguntzaileak inork espero ez zuen unean, beharbada temati jarri den Victor bai, penaltia zela erabaki du eta epailea, jokaldia bertatik bertara segitu duenak, harridura aurpegia agertu ostean, nortasun gutxi ere daukala erakutsi du. Tristanen gola 88. minutuan.

Gola, berdinketa eta mamu guztiak berragertu egin dira. Azkenean berdinketa erdietsi du Athletic Clubek, baina ez poztasuna, osoa ez behintzat. Kanpoko eragileen eragina.

Alde onean aipatzekoa da ere Solabarrietak hasierako hamaikakoan egin duela debuta. Katea ez da eten eta Riazorren 8 izan dira Lezamatik irten diren jokalariak hasierako hamaikakoan.

Bestalde, ezin ahaztu, kasualitatez, noski, gure taldeak dopajearen aurkako kontrolak gainditu behar izan dituela Ligako azken hiru partidatan, bata bestearen atzetik. Lau partida jarraian, Valladolidekoa gehitzen badiogu. Horixe baita eragin exogenoa ala zortea izan zozketetan. Dagoeneko denboraldi honetan iazko denboraldiaren kontrol kopurua gainditu dugu jada.