Athletic Club

Asmo handiko zikloari hasiera eman diote kadeteek La Sallen

Asmo handiko zikloari hasiera eman diote kadeteek La Sallen

Zerau da Athletic Clubek ireki berri duen ate barria harrobiko lanean: Euskal Ligan diharduen kadete…

Zerau da Athletic Clubek ireki berri duen ate barria harrobiko lanean: Euskal Ligan diharduen kadete taldeko jokalari gehienak ikastetxe berberan sartzea, Deustuko La Sallen, Bilbon, hain zuzen ere. Bi izan dira asmo handiko eta era berean arriskutsua den ekimena aurrera eramateko kluba bultzatu duten arrazoiak.

Lehendabiziko arrazoia da eliterako bidean dauden jokalariek lan kargaren kopurua handitu behar dutela eta, bigarrenez, aurrekoarekin batera eta errendimendu handiko irizpideen eskutik, guztiz beharrezkoa da jokalariaren bizitza kontrolatzea. Eskakizun handiagoa beraz eta, bide batez, heziketa ez kokatu kirol hezkuntzatik at.

“Eliterako bidean dauden jokalariek lan kargaren kopurua handitu behar dute”

La SalleProiektuaren sorreraz, alde ona zein txarretaz, egungo egoeraz eta ikuspegi guztietatik hasierako balantzeaz jarduteko, Luis Solar, Lezamako koordinatzailea, Koldo Asua, atzemate arduraduna, Maria Ruiz de Oña, psikologiako arduraduna eta Juan Jose Otegi, La Salleko zuzendariarekin egin dugu berba. Baikortasunez dakusate etorkizuna emandako pausoaren ostean, positibotzat jotzen dute guraso eta jokalarien erantzuna, sakrifizio eta errendimendu handia elkarren eskutik joaten direla eta egoera berri honetan estamentu guztiek euren burua egokitu behar dutela azpimarratuz.

Nola izan da posible La Sallerekiko akordioa?
Ez da erraza izan prozesua, Luis Solarren iritziz, “saiakerak egon dira aurreko urteotan. Esaterako Txema Noriega saiatu zen Truebarekin iazko denboraldian, baina ez zen posible izan. Oraingo honetan bat egin dute guztion interesek. Gugana hurbildu ziren eta geuk horren beharra geneukan. Hauen alde esan beharko nuke, kalitatezko ikastetxeaz gainera, izugarrizko instalazioak dituztela, gimnasioa eta polikiroldegia barne eta ikastetxetik gertu Etxe Zuri, udal futbol zelaia daukagula, Bilbao Kirolaken zuzendaritzapean,eta bertan goizeko lau lan saioak egiteko aukera paregabea daukate gure mutilek. Orotara zortzi lan saio osatzen dira astero eta gure teknikari zein fisiologoen iritziz, nahikoak dira, hamar lan saioetara iristeko aukerarik edukita, horrela beharrezkotzat joko balitz”.

Asmo handiko proiektua epe ertain eta luzera
La SalleAurtengo denboraldikoa hasiera baino ez da asmo handiko proiektuari begira, bizpairu urtetan burutuko dena, oraingoaren bilakaeraren arabera, eta guztira 60 jokalari bereganatuko zuena, hiru multzotan banaturik: “Datorren urtean osa daiteke, baina hiru urte begira egitea lojikoena litzateke. Balantzearen arabera erabakiko dugu. Egungo kadeteak lehen urteko jubenilak lirateke, batxilergo lehen kurtsoan ikasiko lukete eta kadete berriak DBHko laugarrenera sartuko lirateke. Urtebete beranduago bigarren urteko jubenilekin batxilergo bigarren kurtsoan, besteak lehen kurtsoan eta kadete berriak DBHko laugarrenean, horrela osatuko genuke zikloa”, dio Solarrek.

Arestian aipatutakoa proiektua biribiltzeko giza baliabideen kudeaketa ona ezinbestekoa izango da, talde gehiagorekin beharrezkoa izango baitira atentzioak areagotzea.

Beharrezkoa den egokipena
La SalleMaría Ruiz de Oña, Klubeko psikologoak esaten duen moduan, aldaketa aldia izango da epe motzera biziko dena eta, beraz, guztientzako nagusi izango da egokipenaren beharra: “Jokalari berberak daude, baina beste inguru batean eta harreman/ez-harreman berriak sortzen dira. Ohitura berriak eta erlazio estuagoak”.
Esperientzaren arrakasta egokipenaren aldia hobetu eta kudeatu behar dugun arduradunengan datza neurri handi batean, “jokalaria eta ikaslea lagundu behar dugu”.
Sakrifizio eta eskakizunez ari gara, baina alderik onenetarikoa da Ruiz de Oñaren aburuz, “jokalariari ikastetxe berria, bizipen berriak eta adiskide berriak eskaintzen dizkiozula”.
Eskarmentu berritzailea, aurrerantzean horrenbesterako izango ez dena gauzak bide onetik joanez gero: “Epe luzera normaltasunez hartuko da dena. Ezin dugu inolaz ere ahaztu Athleticen izena eramateagatik begirada zorrotzak jasoko dituztela eta horrek eragina izango du, zalantzarik gabe: irekitasun handiagoa ala egoskorkeri handiagoa”. Athletic tartean baldin badago ez da bigarren mailako kontua, gure erakundearen sustraitzea eta bere islada Bizkaiko gizartearengan kontuan hartuta.

Ikasketak versus errendimendu handia?
La SalleIkasketak eta errendimendu handia bateratzea kontzientziazio lana da. “Sinismen aldaketa behar beharrezkoa da” azpimarratzen du Maria Ruiz de Oñak.

Denboran luzea da lan hori, 1996an hasi baitziren Lezaman ikasketa gelak, lan saioak eta liburuak bateratu guran. Ideia oker baten aurka ari gara tai barik: behin gazte mailako taldeetara iritsiz gero, Athletic bezalako goi mailako taldeetako jokalariek etorkizun oparoa izango dute futbolean, diruari begira behinik behin. Ikasketak alboratzen baldin badira, ahalik eta beranduen izatea da helburu.

Ruiz de Oñak esaten digunez, tenore bereko esperientziei buruzko ikerketen arabera, hau da kirolariak ikastetxeotan, “kirol errendimendua hobetzen da, famili harremanak hobera doaz eta akademia-errendimendua ona da. Orohar aberasgarria da esperientzia. Asko ala gutxi hobetu daiteke, baina okerrera inoiz ez doa”.

“Kirol errendimendua hobetzen da, famili harremanak hobera doaz eta akademia-errendimendua ona da. Orohar aberasgarria da esperientzia”

Egunbete ikasgela eta zelaietan
La SalleGure jokalarientzat jardunaldi aurrunta goizeko zortziretan hasten da, gainerakoek bederatziretan abiapuntua duten bitartean. Ordubeteko eskolaren ostean lehendabiziko lan Saioa burutzen da eta horren parera elikadura, jolasaldia edota ikasketa orduak berreskuratzen dira.

Eguerdia baino lehenago gainerako ikasleen ikasgai berberak dauzkate eta gauza bera gertatzen da bazkariaren ostean, nahiz eta arratsaldeko bostetan lan akademikoak luzatzen diren beste ordubetez, astean hiru egunetan, betebeharreko 30 orduak osatzerarren. Guzti hau Lezamara doan arratsaldeko autobusa hartu baino lehen, bertan beste lau saio egiten baitute.

Lantaldean dauden 20 jokalarietatik 16k ikasten dute La Sallen eta beste bat lotuko zaie datorren ikasturtean. Halaz ere, aste barruan 17 jokalari dira goizeko lan saioan parte hartzen dutenak eta egun askotan 18k. Hogeiak batera, jakina, Lezazamako arratsaldeko lan saioan hartzen dute parte.

Hona hemen asteko ordutegi arrunta:



Ikasgaiak eta hizkuntzak
Ikasgaia zein ordutegien banaketa hizkuntzari begira, jarraian agertzen dena da betebeharreko asteko 30 orduak osatze aldera:
Euskaraz 14 ordu orotara, horrela banatzen direlarik: Matematikak 3 ordu, Gizarte 3 ordu, Euskara 4 ordu, Tutoretxa ordubete eta Kimika beste 3 ordu.
Gaztelaniaz 13 ordu orotara, horrela banatzen direlarik: Lengua Castellana 3 ordu, Etica ordubete, Erlijioa 2 ordu, Teknologia 3 ordu, Gorputz-hezkuntza (futbolak ordezkatzen du) 2 ordu eta Ahaleginaren Fisiologia 2 ordu. Solarrek esaten du hautazko ikasgaiek Athleticen iradokizunarengatik daudela sartuta, Futbola eta Anatomia, Fisiologia eta Ahaleginaren Fisiologia, azken hiru hauek kurtsoaren araberakoak izanik.

“Euskaraz 14 ordu ematen dira, 13 gaztelaniaz eta 3 ingelesez, betebeharreko 30ak osatze aldera”

Ingelesez 3 ordu.
Bestalde, Juan Jose Otegik dionaren arabera “azken finean erronka garrantzitsua izan da guretzat. Proposamen egokia eskaini behar zitzaien gurasoei eta horren barruan hizkuntz ereduak bateratu. B eredu indartsua daukagu La Sallen. Horretaz gain, gure ikasleen nota ertaina 7,88 da hauta-proban, Unibertsitatera sartzen direnen artekoa 7,38 izanik”.

Talde barria
La Salle“Azken finean talde barria daukagu, inguru barrian eta unera arte ideia atseginez hartu dute. Ikasleek eta gurasoek”, dio Koldo Asuak. Horren harira beste galdera bat: Nola hartu dituzte ikasle barriak? Otegiren iritziz “ondo, hasierako harridurarekin, baita ere bestelako ordutegia duen taldea den heinean. Itxaropenak sortzen dira eta funtsezkoena da gainerakoekin bat egitea, futbolatik at bizitza akademikoa daramate-eta. Mutilak dira euren burua La Sallen egokitu behar dutena, bere garaian beste zentruetan egokipena egin behar izan zuten bezala. Euren burua antolatu behar dute eta behar izan horrek ahalegin handia suposatzen zaie, gogorra dela barneratu behar dute, ahalegin bat gehiago, ordutegi desegokiekin asteko 30 orduak bete ahal izateko, ikasketa denborak berreskuratzeko edota azterketak egin gainerakoentzako atseden ala jolaserako diren orduetan”.

La Salle“Gurasoek -segitzen du Otegik- pozik daude, finean eurek hautatu duten aukera besterik ez da. La Salleko gurasoek, beren aldetik, galdera batzuk egin zituzten hasieran, baina jakitearren soilik”.

“Euren burua antolatu behar dute eta behar izan horrek ahalegin handia suposatzen zaie, gogorra dela barneratu behar dute, ahalegin bat gehiago”

Hamabostero kontrol bilerak egiten dira jokalarien bilakaera aztertzeko. Hasiera batean Athleticeko kadeteentzako ikasgela bakarra egitea baloratu bazen ere, alde eta kontrako puntuak behin aztertuz gero denak bateratzea erabaki zen, “sozializaio prozesua handitzen doa eta ezin dugu inolako bazterketarik bultzatu eta mutilak inguru naturaletik at utzi”.