
‘Familiaren babesik gabe ez nintzen urrun iritsiko’
‘Familiaren babesik gabe ez nintzen urrun iritsiko’
Oraingo honetan minutu batzuk izan ditugu Elisabeth Ibarra jokalariarekin egoteko, eta, egia esan, motz geratu…
Oraingo honetan minutu batzuk izan ditugu Elisabeth Ibarra jokalariarekin egoteko, eta, egia esan, motz geratu zaizkigu, oso gogotsu berba egin du-eta futbolaz eta, batik bat, Athleticez.
Zelan hasi zinen futbolean?
Futbola beti egon da presente nire bizitzan. Aita futbolaria izan zen, eta nire anaiak ere jokatu egiten du; etxean futbola zegoen nongura. Ikastolan bertan ere jokatzen nuen, nahiz eta hasieran eskubaloi eta saskibaloian ere jardun. 13 urterekin aukeratzea neukan eta oso argi izan nuen. Futbola neuretzat zen.
Eta zelan zegoen antolatuta nesken futbola?
Nik zortea izan dut beti: neskek ondo osatutako talde bat eta aurkako taldeak beraien kontra jokatzeko izan ditut, hasieratik. Bitxia zen, hori bai, ni adibidez, 13 urterekin Eibartarrak taldean sartu eta 30 urteko neskekin jokatzea. Egun badira mailak, kadete-gazteak, adibidez, eta horrela, ez dago jadanik adinen arteko hainbeste alderik.
Komentatu duzu zure aita futbolaria zela eta zure anaiak oraindik jokatzen duela. Futbol asko ikusi duzu txikitatik, beraz?
Bai, bada. Ni jokatzen hasi nintzenean nire anaia Real Sociedaden harrobian zegoen eta bere partida guztietan geunden. Aitak Elgoibar, Mutriku, Eibarko taldeetan jokatu zuen, eta gainera, gero entrenatzailea izan zen eta ahal zen leku guztietara joaten nintzen.
Eibartarrak taldera heldu bai, baina noiz erabaki zenuen futbolean buru-belarri jardutea?
Hasiera-hasieratik. Oso argi izan nuen hasieratik eta, gainera, Eibartarrak taldean jokatzen hasi eta Euskadiko selekziora joateko deitu zidaten; horrek gogo eta ilusio handiagoa eman zidan futbolean jarraitzeko. Ez zait inoiz kosta egin beste gauzak alde batera uztea futbolean jokatzeko.
Baduzu oraindik harremanik Eibarren izan zenituen taldekideekin?
Zaila da. Egia da Athleticera Itzirekin heldu nintzela Eibarretik, baina badira zazpi urte horretatik eta bizitza Bilbon eta Laudion, hemen bizi naiz-eta, egiten dut. Astebururen batean Elgoibarrera jo eta Unbera joaten naiz, eta ilusioa egiten dit kideren batek oraindik jokatzen duela ikusteak, ez dira asko baina…
Zelan bizi zenuen Athleticera heltzea?
Beno, lehenengo albistea Iñigoren dei batetik etorri zen. Athleticen proiektuaz ezer gutxi nekien nik, ez nuen ezer ere entzun, baina Iñigoren deia oso pozgarria izan zen. Ni Athleticzalea izan naiz beti: nire aita Athleticzalea zen eta neu ere bai, beraz, nire taldean, Athleticen, jokatzeko aukera sortu zenean, ez nuen inongo zalantzarik izan. Burutik ere ez zitzaidan pasa Athleticen jokatu ahal izatea, eta albisterik onena izan zen momentu hartan.
Zelan bizi izan zenuen lehenengo denboraldia?
Ilusio handiarekin. San Mamesen elkartu ginen guztiok jantzien neurriak hartzeko, froga medikoak egin zizkiguten, Lezaman entrenatu genuen… Itzela izan zen dena, ni Eibarretik nentorren: han egun batean Ermuaraino lasterka egin, lau baloi-ikutu egin eta kitto entrenamendua.
Zelangoak izan ziren lehenengo entrenamenduak Iñigo Juaristirekin?
Primerakoak. Oso beteak, zorrotzak eta maila handikoak. Bazirudien selekzioan geundela. Entrenamendu, zirkuitu eta ariketa oso beteak gogoratzen ditut.
Debuta gogoratzen al duzu?
Erabat. Lezaman Torrejónen aurka. Gol bat sartzeko zortea izan nuen gainera. Ondo gogoan dut partida, eta xehetasunik txikiena ere gogoratzen dut.
Noiz jabetu zineten txapeldun izan zintezketela?
Partidaz partida gindoazen. Sabadell-en, bigarren jardunaldian 3-0 sartu ziguten eta Superligan geundela konturatu ginen, eta indartsuago heldu genion jokatzeari. Puntuak irabazi genituen eta apurka-apurka ikusi genuen titulua irabaz genezakeela.
Eta San Mameseko lehen partida heldu zen…
Hura bai izugarria. Gu partida hasi baino bi ordu lehenago geratu ginen zelaira, aldageletara, denera egokitzeko. Barrutik zarata guztia entzuten genuen eta beroketak egitera atera ginenean ikusi genuen betetzen hasi zela, baina gero esan ziguten ate gehiago zabaldu zituztela eta oraindik jende gehiago zetorrela. Nire lagun batek azken sarrera erosi zuen ate guztiak zabaldu behar izan baino lehen. Azkenean 30.000 pertsona baino gehiago bildu ahal izan genituen, eta hura gertaera gogoangarria da, ez bakarrik emakumezkoen futbolean, emakumezkoen kirolean baizik.
Gero San Mamesen jokatu genuen berriz liga irabazteko eta partida hura erabateko jaia izan zen. Ezin gehiago eskatu: nire taldera iritsi, Superligan jokatu eta irabazi. Dena perfektua.
Badakizu 62 partida jokatu dituzula jarraian? (Taldearen lehenengo 62 partida ofizialak)
Ez, ez nekien, baina zuk esaten badidazu… Egia esan, kopuru handia da, eta hori esaten didazunez, egia da, gure lehenengo delegatuak, Iñakik, komentatu zidan Errumanian bertan galdu nuela estraineko aldiz partida bat.
Lesioek bakean utzi zaituzte, ala?
Bai, klabikula apurtu nuenean izan ezik; ez dut bestelako lesio larririk izan.
Zelan lehenengo esperientzia Champions-en?
Esperientzia oso polita izan zen eta sekulako ilusioaz bizi izan genuen. Gainera, oso ondo hasi ginen, baina ikusten zen maila oso altua zela. Frankfurten kontrako partida heldu eta han ikusi genuen Europako futbolaren errealitatea. Bagenekien eurak bajaren batekin zetozela, eta euren gainean izan ginen aste hartan guztian; ez zuen ematen hainbesterako zirenik, baina gero, San mamesen, ondotik pasatu eta zein gaitasun fisikoa duten ikusten zenuenean, mailaren aldeaz jabetzen zinen. Oso gogorra izan zen bat eta zazpi etxean galtzea, baina kirola horrelakoa da.
Hiru titulu lortu zenituzten jarraian, omenaldi eder bat egin zizueten Bilbon, baina uda etorri eta arazoak hasi ziren, Iñigok taldetik alde egitea, adibidez. Zelan bizi zenuten zuk eta taldeak hura guztia?
Beno, niri hura klabikularen lesioarekin elkartu zitzaidan eta txapelketaren hiru hilabete galdu nituen, beraz, agian ez nuen nire taldekideek bezala hura guztia bizi. Baina urte latza izan zen. Iñigok alde egin zuen eta emakumezkoen futbola babestu zuen jende askok ere bai. Giroa zapuztu zen eta Champions-en ondo jardun bagenuen ere, ez zen gogoratzeko moduko urtea izan.
Ilusioa galdu zenuten, ala?
Bai. Ilusioa eta gogoa galdu genituen. Oso gogorra izan zen. Ez genuen ezer ulertzen eta ez nuke inola ere errepikatuko halako egoerarik. Hurrengo urtean Iñigo itzuli eta gogotik jarduten jakin izan genuen Liga berriz irabazteko.
Urte gogorra, baina ziur atarramenturik lortu zenutela.
Egia da. Hiru urte generamatzan irabazten eta hain denboraldi gogorraren ostean titulua eskuratu genuen San Mamesen, baina ezin izan genuen geure partida irabazi: Espanyolen partida amaitu arte itxaron behar izan genuen.
Bidegabea benetan Superligan lehenengoak bakarrik saria izatea…
Arrazoi duzu. Bigarren geratu eta zortzigarrenaren pareko izan. Aldatu beharreko araua da.
Izan al duzu kirol-idolorik?
Idolorik ez, baina niri beti gustatu izan zait Julen Guerrero.
Elgoibarkoa zara, Joseba Etxeberria bezala. Zelan bizi izan zen Joseba Athleticek fitxatu izana?
Nik 14 bat urte nituen, eta herrian, Athleticzale eta Errealzale nahikotxo egonda, bada, imajinatu… Ni oso pozik nengoen. Josebak nire anaiarekin jokatu zuen eta nire taldera zihoan. Ez nien jaramonik egiten diskutitu gura zutenei: berak aukeratu egin zuen eta ondo aukeratu, zalantzarik ez.
Zelangoa da egun arrunt bat Eli Ibarrarentzat? Zelan antolatzen da futbplari profesional bat?
Beno, hasieran nire familiari esker, asko asko babestu naute-eta. Eurengatik izan ez balitz, ez nengoke hemen. Orain Laudion bizi naiz eta ondo moldatzen naiz lanarekin, baina eskertu behar diet uzten didaten ordutegi-zabaltasuna. Benetan diotsut poz-pozik nagoela eta sakrifizioak ez didala ardura gustuko dudana egiten dudalako.
Interneten nabigatzen duzu?
Bai. Ez naiz aditu bat, baina moldatzen naiz.
Zer deritzozu gure web-orriari, batez ere emakumezkoen sailari dagokionez?
“Chapeau”, bada. Gainerako taldekoekin alderatu eta kolorerik ez: gurean dugun informazioa, zuzeneko partidak, albisteak… Egia esan, oso ondo dago.
