BertsoDerbi ibiltaria
Athletic Club Fundazioak, BertsoDerbiaren zazpigarren edizioa antolatu du Real Sociedad Fundazioaren laguntzarekin. Athleticek eta Real…
Athletic Club Fundazioak, BertsoDerbiaren zazpigarren edizioa antolatu du Real Sociedad Fundazioaren laguntzarekin. Athleticek eta Real Sociedadek partida jokatuko duten egunean izango da BertsoDerbia, hau da, otsailaren 21ean, igandean eta, berrikuntza gisa, aurtengo edizioa kalean egingo da.
Eguerdiko 12:00etan, Bilboko Plaza Barritik hasita, parte hartuko duten lau bertsolariak, Andoni Egaña, Jone Uria, Amets Arzallus eta Igor Elortza, izango ditugu kantuan. Bertsolariek Txakur Kalea, Goienkale (Somera) eta Unamuno Plaza izango dituzte geldi guneak eta euren ibilbidean Oxabi erromeri taldearen laguntza izango dute.
BertsoDerbiaren ospakizunean ohikoa den legez, kirola eta kultura uztartzeko ahalegina egin nahi da. Horretarako, zaleek kalean bistaratzen duten festa giroan barneratuko da goizetik hitzaren jaia.
Real Sociedad eta Athletic Club fundazioek gizalegezko futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina da BertsoDerbia. Taldeen arteko lehiatik haratago kirolak eta kulturak batu egiten gaituztela sinetsita.

