undefined

2019. Momenturik azpimarragarrienak. Emakumezkoen taldea

2019. Momenturik azpimarragarrienak. Emakumezkoen taldea

Emakumezkoen taldearentzat, urtarrilean jokatu beharreko partiden emaitzak ez ziren batere positiboak izan.

Emakumezkoen taldearentzat, urtarrilean jokatu beharreko partiden emaitzak ez ziren batere positiboak izan. Cerro del Espino eta Miniestadira egindako bisiten ondoren, Athletic Clubek laugarren postua lortzeko ia aukera guztiak galdu zituen. Edonola ere, taldeak Kopa txapelketan jarri zituen itxaropen guztiak, eta zozketa zuri-gorrien interesen aldekoa ez izan arren, Atletico Madrilen aurka jokatu beharreko kanporaketari gogo biziz ekin zion Joseba Agirreren taldeak.

Partida bakarrera jokatu beharreko final zortzirenetarako San Mames izan zen aukeratutako eskenatokia. Eta urtarrilaren 30ean bizi izandakoa edonor zur eta lur uzteko modukoa izan zen. Neurketa galdu eta aurrera egiteko aukera uxatu zitzaion taldeari, baina gau gogoangarri hark argi eta garbi utzi zuen Athletic Cluba futbol talde bat baino askoz gehiago dela. Hau da, sentimendurik gabe kirolean lehiatzeak ez duela inongo zentzurik.

Egun hartako emaitzarik esanguratsuena ez zen goletan zenbatu, ikusleetan baizik. 48.121 izan zen kanporaketa hark utzitako emaitza. San Mames lepo bete zuten 48.121 ikusleek urtarrila amaierako asteazken euritsu hura futbolaren historia liburuetan urrezko letra larriz idatzitako orrialde zoragarria eskaintzeaz gain, emakumezkoen futbolarekin eta genero berdintasunarekin konpromiso zorrotza erakutsi zuten. Jokalariek gau hartan harmailetatik jasotako berotasuna Joseba Agirreren jokalarientzat soinean darameten elastikoa talde baten bereizgarria baino askoz gehiago dela erakutsi zien, milaka zaleek partekatzen duten sentimendu apurtezina alegia. Kopako neurketa hark sortutako efektua San Mamesera lehenengo aldiz joan ziren neskatila askorentzat inspirazio bihurtu zen eta etorkizuneko jokalari askorentzat lehenengo pauso zuri-gorria. Izan ere, nork ez luke Athletic Cluben elastikoa jantzi nahiko gaur hartan Katedralean bizi izandako giroa bizi eta sentitu ostean?

Atletico Madrilen aurkako partida hark Mundu mailako oihartzuna lortu zuen eta makina bat komunikabideri “mirari zuri-gorria” ezagutzeko gogoa piztu zitzaion. Gizarte zein kirol erreferente bihurtu ziren gure jokalariak eta egun hartako eraginak oraindik indarrean jarraitzen du. Emakumezkoen futbolak beharrezkoa zuen bultzada jaso eta handik gutxira talde ugari ohiko eskenatokietatik zelai haundietan jokatzeko pausoa eman zuten. Athletic Clubek sortutako olatua gelditzerik ez dago.

Zuri-gorriek Ligako egunerokotasunera bueltatu ziren Rayoren aurka garaipena lortuz, hiru puntuak eskuratzeko txapelketako unerik larrienean. Hori gutxi ez eta erasoko lerroan jasandako lesio ugariek bilbotarren lana izugarri korapilatu zuten.  Testuinguru horretan taldeak bazuen beste erronka garrantzitsu bat: San Mamesen Levanteren aurka garaipena lortzea. Kopan lortutako zale errekorra oraindik buruan fresko zegoela, valentziarren aurkako partida Ligako hirugarren posturako lehia bizirik mantentzeko aukera paregabea zen. 25.203 zale bildu ziren Katedraleko harmailetan taldeari une jakin batzuetan beharrezko arnasa eman eta Vanesa Gimberten bi golei esker hiru puntuak eskuratzeko. Egun hartan gainera, Athletic Clubek hitzartutako 31 futbol talde gonbidatu zituen harmailetara, bide batez, etorkizuneko jokalariengan sentimendu zuri-gorriaren hacia jartzeko. Egun hartan batutako diru guztia Klubak urtero hitzartutako taldeei ematen dien laguntza hirukoizteko ere lagungarri izan zen.

Denboraldiko azken jardunaldietan etorkizunean Athletic Cluben elastikoa jantziko duten jokalari gazteei aukera emateko baliagarriak izan ziren. Nerea Nevadok, 17 urte azpiko hiru txapeldun zuri-gorrietako bat, golaren zapore gozoa ere dastatu zuen Albaceteren aurkako garaipenaren gola erdietsi ostean. 19/20 denboraldi amaierak ere Lezamako eserlekuan aldaketa ekarri zuen, lau urteko ibilbidearen ostean Joseba Agirrek kargua utzi eta Juan Luis Fuentesen ordez Kirol Zuzendaritzaren ardura hartuko baitu, azken honek, metodologia, ikuskatze eta teknifikazio ardura hartuko duelarik.

Datorren denboraldiari begira, Atletico Madrilekin Liga txapelketa bi eta Kopa bat irabazi dituen Angel Villacampa izango da emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria. Txinako gazte mailako Selekzioetan lanean aritu den hautatzaileak palmares bikaina dauka: 46 neurketa galdu gabe, partidarik galdu gabe Liga txapelketa baten irabazlea berezko estiloa duten erasoko taldeekin.

Datorren urteko taldeak azken urteotako jokalari garrantzitsu guztiak mantenduko ditu, Vanesa Gimbert jokalari beteranoa besteak beste. 39 urterekin defentsa lerroaren ardatza da Bergarakoa eta futbol-jakituriaren iturri amaigabea bide batez. Guzti honen adibidea, azken bi denboraldi oso etenik gabe jokatu dituela, partida guztietako minutu bakar bat bera ere galdu gabe.