undefined

Williams: “San Mames gure gotorlekua izan behar da”

Williams: “San Mames gure gotorlekua izan behar da”

Aurrelaria, Errealari ostiraleko derbian “irabazteko irrikan” dago: “Ez da nolanahiko partidua. Gola sartzeak asko motibatzen nau”.

Iñaki Williamsek protagonismoa hartu du Lezamako prentsa aretoan Athletic Cluben entrenamenduaren ostean, San Mamesen Real Sociedaden aurkako derbia jokatzeko 48 ordu inguru falta direla (ostirala, 22:00etan). Aurrelaria, partidua “irabazteko irrikan” dagoela erakutsi du, harentzat berezia den neurketa, alegia: “Ez da nolanahiko partidua; hau derbia da. Errealari berriro irabazteko, hiru puntuak lortzeko eta daramagun dinamika onarekin segitzeko gogotsu gaude. Lortzekotan, lehen postuan kokatuta lotara joango gara Barçaren ostiralekoaren ostean bezala, eta egindako lan onagatik pozaren pozez”.

‘9’ zenbakidun zuri-gorriak ostiraleko partiduaren gakoak eta San Mamesen garaiezintasuneko sasoiari eusteko zaleen babesaren garrantzia aipatu ditu: “oso partidu parekatua izango da, derbiak diren modukoak, baina euren jokoa ondo datorkigula deritzot presio altuko taldea baigara eta San Mamesera datozen guztiei sufritzera behartzen diegu”. Gure zelaia gotorlekua izan behar da eta horixe da gure ezaugarria: aurkariari bere zelaian itotzea eta gure aukerak aprobetxatzen saiatzea. Lehenengo jardunaldian, San Mamesen laguntza berebizikoa izan zen. Zaleen jarrera ikusteak beste abiadura bat eman zigun. Zaleak eta taldeak bat eginez gero, oso zaila da gu menderatzea”.

Aurreko denboraldian zuri-gorrien goleatzaile nagusia izan zen, eta aurtengo Ligan lehenengo gola txuri urdinen atean sartzea espero du Williamsek: “Asko motibatzen nau, derbietan sartzea gogoko dut eta nahiago nuke taldeari garaipena lortzen laguntzeko golen bat egiterik banu. Futbolean badira sasoi onak ala txarrak, eta gola egiteko gero eta gertuago ari naiz. Lana eta esfortsuarekin etorriko da, eta lehenbailehen izatea espero dut”.