undefined

Capa: “Gauzak ezin hobeto doaz”

Capa: “Gauzak ezin hobeto doaz”

Atzeko hegaleko zuri-gorria pozik dago bai Athleticek bai jokalariak berak egindako hasierarekin, baina gehiago nahi du: “Orain maila horri eutsi behar diogu”

Gaur asteazkenean, Athletic Clubeko lehen taldeak lan saio bikoitza dauka Liga txapelketarik gabeko aste berezi honetan eta lagunarteko batekin begi-bistan (bihar ostegunean Toulouse izango du aurkari Baionan). Lezamako gimnasioan egindako goizeko entrenamenduaren ostean, Ander Capa hedabideen aurrean azaldu da. Portugaletetarrak, hiru partidutan hiru gol paseen egile, bere hasiera ona aitortu du: “Oraingoz, gauzak ezin hobeto doaz. Hiru asistentzia daramatzat, baina ildo honetatik segitu behar dut taldeari laguntzen jarraitzeko. Azken urtean bezala ari naiz lanean baina azken pasean asmatuz. Duela aste batzuk galdetu zidaten urtean zehar ditudan gorabeherei buruz, eta egia da denboraldietako hasieretan nire jokoa ez zela nabarmentzen, beraz, gogor hastea pentsatu nuen”.

Taldeari dagokionez, atzeko hegaleko zuri-gorriak Ligako lehenengo hiru jardunaldietan erakutsitako maila azpimarratu du: “Topera hasi gara talde moduan. Denboraldi-aurrea guztiz desberdina izan da, iaz baino zama gutxiagoz eta txispa gehiago dugula antzematen dugu. Etenaldi hau, nola jokatzen ari garen ikusita, momentu txarrean datorrela uste dutenak egongo dira, baina indarrak berreskuratzeko eta Mallorcara hiru puntuen bila joateko ondo datorkigulakoan nago”.

San Mamesetik kanpo taldeak duen errendimenduaren gainean, aurtengo denboraldiaren etxetik kanpoko lehen partiduko sentsazioak berriz izateko konfiantza dauka Capak: “Etxean eroso gaude zaleen babesaz eta orain jauzitxo hori eman beharko dugu kanpoan, Getaferen aurka ematen hasi ginena alegia, San Mamesetik urrun garaipena lortzera beti joateko. Han emandako maila da hurrengo neurketetan segitu behar duguna”.