
Garitano: “Umilak izaten jarraitu behar dugu”
Garitano: “Umilak izaten jarraitu behar dugu”
Leganesen aurkako norgehiagokaren atarian, abisu eman du entrenatzaile zuri-gorriak: “Ez dute partidurik irabazi eta horrek arriskutsuagoa bihurtzen du taldea”
Gaizka Garitanok prentsaurrekoa eskaini du Leganesera joan aurretik Athleticek egingo duen azken entrenamendua abiatu baino lehen. Athleticek Leganes izango du aurkari bihar Butarquen (19:00), LaLiga Santanderren 6. jardunaldian. Entrenatzaile zuri-gorriak konfiantza osoa du bere mutilengan: “Liderrak gara hala merezi dugulako”. Hala ere, zuhurtziaz jokatu behar dutela ohartarazi du: “Umilak izaten jarraitu behar dugu. Hala egingo ez bagenu, erratu egingo ginatekeen. Ez da gauza bera lehen sailkatuaren eta azken sailkatuaren arteko norgehiagoka bat 35. jardunaldian jokatzea edo 5. jardunaldian jokatzea. Oraingoa behingo kontu bat da: jakitun gara Athleticen eta Leganesen arteko aldea ez dela sailkapenean ageri dena. Ez badugu norgehiagoka ona egiten, nekez lortuko dugu gure helburua. Leganes talde indartsua izan da beti etxean, ez du momentuz partidurik irabazi eta horrek talde arriskutsuagoa bihurtzen du oraindik, puntuen premia baitdute. Ez naiz inotaz fio, are gutxiago Leganes aurkari gisa dudanean”.
Athleticek San Mamesetik urrun jokatu dituen partiduez galdetuta – orain arte, bi berdinketa – , norgehiagoka hauek bere neurrian baloratu behar direla adierazi du entrenatzaile zuri-gorriak: “Ez litzateke errealista izango etxetik kanpo San Mamesen adina partidu irabaziko ditugula esatea. Ezin ditugu etxeko eta kanpoko partidu guztiak irabazi. Hala ere, denboraldi-aurrean partidu garrantzitsuak jokatu ditugu Alemanian, Italian eta Ingalaterran eta ez digu inork irabazi. Hobetzeko asmoa dugu beti, baina uste dut taldea ondo ari dela etxetik kanpo”.
