Kadeteak garaile Mallorkan
Emakumezkoen kadete taldeak 3-0 irabazi zion Bayern Munichi East Mallorca Girls Cup txapelketako finalean, 16 urtez azpiko mailan
Athletic Clubeko emakumezkoen kadete taldeak irabazi du asteburuan East Mallorca Cup txapelketa. Roberto Pampinek zuzentzen dituen neskek finalera heltzea lortu zuten B93 Kopenhagen (3-0) eta FC Nordsjaelland (5-0) gainditu eta gero.
Zuri-gorriek ez zuten gol bakar bat ere jaso euren partehartze osoan eta Bayern Munichi irabazi zioten finalean. Roberto Pampinek, kadetearen entrenatzaileak, honela baloratu zuen: “Final bat zela nabaritzen zen, hasierako urduritasuna eta pilatutako nekeagatik. Lehen zatia jokatua izan zen, eta aukerak egon ziren bi taldeentzat. Atsedenaldiaren ostean, ez dakit nondik hartu zuten indarra jokalariek, baina Bayern fisikoki gainbehera hasi zen eta gure lehen golak konfiantza eman zigun. 3-0 irabazita ere gehiago nahi zutela erakutsi zuten”.
Esperientzia ahaztezina izan da bertaratutako espedizio zuri-gorriarentzat. Amaia Olabarrietaren neskak 14 urtez azpiko kategorian lehiatu ziren, eta finalera joateko atarian gelditu ziren Madrid CFF taldearen aurka 1-0 galduta.

