undefined

“Taldeak lan bikaina egin du”

“Taldeak lan bikaina egin du”

Gaizka Garitanok ontzat ematen du puntua La Ceramica-n, bereziki “hau zelai zaila delako. Vilarrealek gol egiten dizu edozein jokalditan”

Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzailea pozik agertu da bere taldeak La Ceramica estadioan Villarreali egindako bisitan lortutako puntuarekin: “Ontzat ematen dut puntua, taldeak lan bikaina egin duelako, eta meritu handiagoa ematen diot batez ere hau zelai zaila delako. Madril eta Bartzelona kenduta, uste dut hau dela maila osoan erasoan argudio gehien dituen taldea. 17 gol zeramatzaten etxean 5 partidatan, eta sekulako erasoko potentziala dute”.

Entrenatzaile zurigorriak jokalari guztien lana goraipatu du: “Aste honetako hirugarren partida izan da. Bagenekien antolakuntza handia behar genuela, edozein jokalditan haiek gol egin zezaketelako. Aukerak izan dituzte, baina gu ere areara iritsi gara, eta gola sartzeko aukera izan dugu”.

Simonen partida bikainari eta Athleticek etxetik kanpo izan duen gol-gabeziari buruz galdetuta, Garitanok honakoa erantzun du: “Egia da Unaik hiruzpalau geldiketa oso onak egin dituela, funtsezkoak, baina guk ere izan ditugu eta kanpora bota ditugu. Asko errematatzen ari gara, baina ez dugu golik sartzen. Erdiraketak hobeak dira orain, baina ate aurrean ez dugu asmatu. Eta etxetik kanpo golik sartzen ez baduzu, bikaintasunaren marran mugitu behar zara puntuak lortzeko”.