undefined

“Partida gurera eraman behar dugu”

“Partida gurera eraman behar dugu”

Vila-realen aurka hamaikakoan izan zen Mikel San Jose eta igandean San Mamesen Levanteren aurka jokatuko duten norgehiagokan hiru puntuak lortzeko apustua egin du

Asteko bigarren entrenamendua Athleticentzat, ligan Levanteren aurka jokatuko duen partidatik lau egunetara (igandea, 14:00, San Mames). Lan saioaren ondoren, prentsa agerraldia egin du Mikel San Josek. Erdilari nafarra Athleticen hamaikakoan izan zen Vila-realen aurkako partidan, lehen aldiz denboraldi honetan: “Sentsazio onak izan nituen. Nik beti jokatu nahi dut eta entrenatzaileak hala uste duenean, prest egoten ahalegintzen naiz beti”.

Zeramikaren estadioan Athleticek Vila-real bezalako talde handi bati aurre egiteko erakutsi zuen gaitasuna nabarmendu du San Josek: “Ligako talde indartsuenetako baten aurka taldeak lehiatzeko erakutsi zuen gaitasuna baloratu behar dugu. Euren pareko ibili ginen partida osoan zehar”.

Hurrengo aurkariari buruz galdetuta, lortu dituzen azken bi garaipenek indarrez bete dituztela azpimarratu du erdilari zuri-gorriak: “Azken urteetan bezala, aurten ere aurkari zaila izango da. Realari irabazi zioten Anoetan eta Bartzelonari irabaztetik datoz. Konfiantza handia dute eurengan. Azken urteetan izan duten talde antzekoa dute, kalitate handiko jokalariekin. 10-15 minututan hankaz gora jarri dezakete partida. Barçari hiru gol egin zizkioten zazpi minutuan. Etxean, baina, oso indartsuak gara, eta partida gurera eraman behar dugu. Presioan asmatzen badugu, etekin handia atera diezaiokegu “.