undefined

Vallecas, lehiaketari berriro ekiteko

Vallecas, lehiaketari berriro ekiteko

Rayo Vallecano, bosgarren sailkatua eta bere etxean garaitu gabekoa, aurkari zaila izango da lehoi emeentzat lehiaketaren itzuleran

Bi asteko etanaldiaren ostean, Iberdrola Lehen Maila asteburu honetan itzuliko da. Athleticek Tenerifeko porrotaren aho-zapore txarra kendu nahi du, eta berriz ere ligari pultsua hartu, etxetik kanpo izan beharko duen garaipen batekin. Izan ere, Zuri-gorriek Rayo Vallecanoren aurka jokatuko dute igandean, 11: 00etatik aurrera, Madrilen. Hamargarren jardunaldian emakumezkoen futboleko bi talde klasikok neurtuko dituzte indarrak. 16 denboraldi jarraian jokatu dituzte zuri-gorriek eta madriltarrak lehiaketan, eta partidak oso zailak izan dira beti Madrilen. Zazpi garaipen egin ditu Athleticek, baina beste hainbatetan Rayok irabazi du. Bitxikeri gisa, bakarrik bi berdinketa egin dituzte, biak azken bi denboraldietan. Asteburu honetan joka dezakeen Erika Vazquez eta Nekane, aurkaria gehien sufriarazi dutenak izan dira, 7 eta 5 gol sartu baitizkiote, hurrenez hurren.

Lehia erronka izango da lehoi emeentzat. Futbol zelaia, Granadillan gertatu bezala, belar artifizialekoa izango da berriro. Gainera, Rayoren taldeak ez du bere etxean galdu oraindik. Kirol Hirian jokatutako lau partidetatik Santisok zuzendutakoek bi puntu bakarrik utzi dituzte ihes eginda. Igandeko aurkaria bosgarrena da sailkapenean, eta 14 punturekin Athleticek baino bi gehiago ditu. Oriana Altuve venezuelarrak eta Bulatovic montenegroarrak aurreko lerroaren bikote arriskutsua osatzen dute, beraz, talde zuri-gorriak arreta handiz ibili beharko du.