undefined

Oihane: “Ez nuen espero hainbeste jokatzea”

Oihane: “Ez nuen espero hainbeste jokatzea”

Sopelako atzelaria, eskumendeko taldearen fitxarekin, hamaikakoan sartu da Ligako azken bost partidetan eta maila onari eutsi dio

Valdezate eta Azkonarekin batera, bigarren taldeko fitxa duten hiru jokalarietako bat da Oihane Hernandez. Hirurek partida bat jokatu dute gutxienez Iraia Iturregik zuzentzen duen taldearekin. Hain zuzen ere, bere entrenatzailea erreferentzia izan da zuri-gorrien defentsarako jokoan. Sopelakoak iaz egin zuen debuta elitean, eta denboraldi honetan 600 minututik gora jokatu ditu Angel Villacamparekin. Jokatu dituen 9 partidetatik 7tan hamaikakoan sartu da.

“Denboraldia hasi zenean, nik ez nuen ezertarako espero hainbeste jokatzea, ezta hainbeste minutu izatea ere. Entrenamenduetan ahal dudan guztia ematen saiatzen naiz eta Villak aukerak eskaini dizkit. Aukera horiek aprobetxatzen saiatzen ari naiz, jokatzen jarraitzea baita nire helburua”, onartu du Oihanek. Urtarrilaren 5ean San Mamesen jokatzea “ametsa egia bihurtzea” litzatekeela aitortu du Hernandezek.

20 urtez azpikoarekin nazioartean ibilitakoak gogor lan egiten jarraitzeko asmoa du, hegalean duen gaitasuna erakusten jarraitzeko. Ibilbide luzea duen jokalaria da, jokoari sakontasuna ematen diona, Vallecaseko partidan Azkonari gol asistentzia handia emanez erakutsi zuen bezala. Harrobiak bere fruituak ematen jarraitzen duenaren adibidea da Oihane, baita emakumezkoen bigarren taldetik lehen talderako jauzia ematearen eredu.