undefined

Lezamak 2019ko oihala jaitsi du

Lezamak 2019ko oihala jaitsi du

Lezaman eta San Mamesen 2019 urte osoan jokatutako partiden balantzeari errepasoa

Joan den igandean urteko azken partida jokatu zuen Lezaman Athletic Cluben emakumezkoen lehen taldeak. Bigarren zelaiak, zuri-gorrien ohiko berdeguneak, bere oihala jaitsi zuen datorren urtera arte, Athleticen eta Sevillarren arteko golik gabeko berdinketarekin. 2019 urtea agurtu eta egutegiko partida garrantzitsuenetako batekin hasiko du Villacamparen taldeak 2020. urtea, non eta Katedralean: FC Bartzelonaren aurka lehiatuko dira urtarrilaren 5ean San Mamesen. Hitzordu handi hori iritsi aurretik, baina, zurigorriek urte oso honetan etxean izan duten errendimenduaren balantzea egiteko unea da.

Athleticek 11 partida jokatu ditu etxean ligan eta 6 garaipen, 3 berdinketa eta 2 porrot lortu ditu. 20 gol sartu ditu guztira eta 10 jaso, bataz beste ia bi gol partidako. Zuri-gorriek jokoan izan diren puntuen %60 lortu dute etxean, 33tik 21.

Nabarmentzekoa da 2019an bi partida jokatu dituztela San Mamesen. Lehena urtarrilaren 30ean jokatu zuten, Atletico Madrilen aurka, Erreginaren Kopan, eta 48.121 ikusleko asistentzia errekorra lortu zuten Europako emakumezkoen partida batean. Bestea martxoaren 31n jokatu zuten, Liga txapelketako 26. jardunaldian.  2-0 gailendu ziren Levante UD-ren aurka.