undefined

“Partida engainagarria da, baina aurrera egitea da gure betebeharra”

“Partida engainagarria da, baina aurrera egitea da gure betebeharra”

Ibai Gomez Las Llanasera itzuliko da larunbatean, bertan eman zituen lehen pausoak futbolari profesional moduan: “Sestao River bihotzean daramat. Oso partida berezia izango da niretzat “

Ibai Gomez hedabideen aurrean agertu da gaur goizean Lezaman, Athleticek egindako entrenamenduaren ostean. Liga txapelketan geldialdia dagoen aste honetan, lehoiek Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatuko dute larunbatean (19:00, Las Llanas) Sestao Riverren aurka, Santutxuko jokalariak futbolari profesional gisa lehen urratsak eman zituen taldearen aurka hain zuzen ere: “Sestao River bihotzean daramat. Oso partida berezia izango da niretzat eta ilusio handia egiten dit han berriro jokatu ahal izateak“.

Norgehiagokari dagokionez,  Athleticen betebeharra kanporaketan aurrera egitea dela gogoratu du Ibaik baina konfidantza larregi izatearen arriskuaz ohartarazi du: “Partida engainagarriak dira; ezin dugu pentsatu erraz irabaziko dugunik. Ilusio izugarriarekin izango den talde baten aurka jokatuko dugu eta Las Llanaseko giroa ikusgarria izango da. Intercity-ren aurka egin genuen bezala egin behar zaio aurre partidari: errespetuz, baina kanporaketa aurrera ateratzeko gogo guztiekin“.

LaLigako lehen itzulia amaitu ostean taldearen ganean egiten duen balantzeari buruz galdetuta, taldeak egindako lan bikaina azpimarratu du Santutxukoak: “Ez gara konformatzen beti gehiago nahi dugulako baina zenbakiak oso onak dira. Defentsan zenbaki ikusgarriak ditugu eta etxetik kanpo aurrerapauso bat ematea lortu dugu. Golari begira beste aurerrapauso bat ematea da gure hurrengo helburua eta horretarako lan egiten dugu jada“.

Bere egoera pertsonalari buruz, helburua beti dela taldeari lagundu ahal izatea azpimarratu du Ibaik: “%200ean lan egiten dut jokatzeko dudan minutu bakoitza ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Argi dago gehiago jokatzea gustatuko litzaidakeela baina taldeak behar nauenerako prest egotea da beti nire helburua eta konfiantzaz gainezka sentitzen naiz“.