undefined

“Estatua bat jarriko nieke lehen lerroan borrokan dauden guztiei”

“Estatua bat jarriko nieke lehen lerroan borrokan dauden guztiei”

Aritz Adurizek #Etxetik erantzun ditu zaletuen eta kazetarien galderak

Aritz Adurizen txanda. Athleticen aurrelariak zaletuek eta hedabideek sare ofizialetan egindako galderei erantzun die.

Asko dira Adurizek zalego zuri-gorriaren partetik jaso dituen esker oneko mezuak, donostiarrak esker onez hartu dituenak, baina, gogoratu du: “Argi geratu da nortzuk diren benetan errekonozimendua jaso beharko luketenak. Benetan, beraiek dira estatua bat merezi dutenak, egoera honi buelta emateko lehen lerroan borrokatzen direnak. Egungo egoerak erakutsi digu denoi benetan garrantzitsua zer den”.

Kopako finalaz galdetuta, Adurizek azpimarratu du “munduan ez dagoela hura jokatzeak baino ilusio handiagoa egiten didan ezer. Talde honek merezi du eta denok amets egiten dugu Athleticekin Kopa irabaztearekin. Ikaragarria litzateke. Hala ere, uste dut oraintxe bertan gauza garrantzitsuagoak daudela denon artean konpondu behar ditugunak Kopako finala baino lehen”.

Athleticekin bizitako unerik gozoenari buruz galdetuta, donostiarrak 2015ean altxatutako Superkopa titulua edo 2014an Champions Leaguerako sailkapena nabarmendu ditu, baina onartu du egunerokoan gozatu duela gehien: “Goizero Lezaman elkarrekin gosaltzea. Une txiki eta normalak dira politenak niretzat”.

Botak eskegi ondoren izango duen etorkizunaz galdetuta, zera azaldu du Adurizek: “Modu batera edo bestera futbolari lotuta jarraituko dut. Hausnarketarako denbora beharko dut, orain arte egin ezin izan ditudan gauzak egiteko debora, baina baloia nire lehen amodioa izan zen, eta ziur nago hari lotuta jarraituko dudala”.

Aurrelariak hurrengo belaunaldientzako hitzak ere izan ditu, eta “inoiz amore ez ematearen garrantzia eta konstantzia” azpimarratu ditu. “Hori da garrantzitsuena, zure lankideek borrokatzeari uzten ez dion norbait bezala ikustea zu, beti aurpegia ematen duena”, azaldu du Adurizek.