undefined

118 urte Koroatze Kopatik

118 urte Koroatze Kopatik

Athletic Clubek, Bizkaya izenarekin, 1902an bere lehen kopa irabazi zuen

1902ko maiatza zen. Juan Padrós Madrid FCko presidenteak pentsatu zuen sar zitekeela errege-programaren barruan Alfontso XIII.aren Koroatzea zela eta, legez eratutako talde guztiek parte hartzeko futbol txapelketa bat, urte haietan “sport bitxia” deiturikoan zeresanik izango zutena.

Gonbidapen hori apirilaren 18an egin zen Madrid FCren bitartez, eta Enrique Goiri Athletic Clubeko presidenteordeari zuzendu zioten. Madrilgo torneora joateko aukerari buruz lanean hasi eta ahalegin handiak egin ondoren, Madrilera, Bilboko futbolaren ordezkari gisa, Bizkaya bidaltzea erabaki zen, Athletic Clubeko eta Bilbao F.Cko kideek partida handietarako osatutako taldea, bi hilabete lehenago debutatu zuena.

Guztira bost klubek eman zuten izena kirol berria errotuta zegoen hirien ordezkari izateko: Madrid Foot ball eta New Foot ball, biak Madrilgoak, Bartzelona eta Español, biak Konde-hirikoak, eta Bizkaya Bilbotik bidalitako taldea.
Zozketa egiaztatuta, lehen partida maiatzaren 13an jokatu behar zen: Bizkaya-Español. Ordua: goizeko bederatziak. Lekua: Polo Zelaian, Madrilgo hipodromoan. Eserlekuen prezioa: 10 eta 25 zentimo artean.

Bizkayak, elastiko zuriarekin eta praka beltzekin, ondoren lehiaketa ofizialeko lehen partida bezala onartua izan zena, honako hamaikakoa zelairatu zuen: Arana L. (Bilbao FC), Larrañaga (Athletic Club), Arana A. (Athletic Club), Goiri E. (Athletic Club), Ugalde R. (Bilbao FC), Silva L. (Athletic Club), Sota (Athletic Club), Astorquia J. (Athletic Club), Dyer (Bilbao FC), Cazeaux (Athletic Club) eta Evans (Bilbao FC). Hau da, Athletic Clubeko zazpi jokalari eta Bilbao FC taldeko beste lau.

Bost eta bateko emaitzaz irabazi eta kanporatu zuen Español, euskal futbolaren sendotasuna katalanen joko biziari gailendu zitzaion partidan. Goiz horretan bertan, Bartzelonak Madril kanporatu zuen 3-1eko emaitzaz.

Hogeita lau ordu geroago, beste talde madrildarra agertu zen. Bizkayak antzeko hamaikakoa aurkeztu zuen, Enrique Goiri bakarrik aldatu zuen Ramon Silvaren ordez, biak Athleticekoak, baina ez zuen aurkaririk izan eta 8-1 gol-kopuru handiarekin irabazi zuen. Morris Bartzelonako jokalari ingelesak berriro egin zuen epailearen lana.

Finalaren eguna

San Isidro egunean, 1902ko maiatzaren 15ean, Espainiako Txapelketaren lehen finala jokatu zen. Bartzelonaren aldetik -Bartzelona eta Hispaniaren arteko konbinatua-, faborito nagusia, honako hauek parte hartu zuten: Morris S., Famires, Meyer, Morris J., Wity, Valdes, Parsons, Gamper, Steimberg, Albeniz eta Morris E.

Bizkayatik: Luis Arana (Bilbao FC), Careaga (Bilbao FC), Larrañaga (Athletic Club), Luis Silva (Athletic Club), Amado Arana (Athletic Club), Goiri (Athletic Club), Cazeaux (Athletic Club), Astorquia (Athletic Club), Dyer (Bilbao FC), Ramon Silva (Athletic Club) eta Evans (Bilbao FC).

Bi eskola desberdin zeuden lehian: euskaldunen futbol xume, praktiko eta zorrotza eta katalanen oso fin landutakoa. Lehen zatia Bizkaiaren alde bukatu zen 2-0ekoaz, Astorquiak eta Cazeauxek egindako golekin.

Bigarren zatian, talde bilbotarra ahul zegoela zirudien hiru egunez jarraian hiru partida jokatzeak eragin zuen ahaleginaren ondorioz, eta Bartzelonaren erreakzioa handia izan zen atseden-egun bat izan zuelarik.

Katalanek, Steimbergek oso trebeki gidatuta, aurkariaren atea behin eta berriz erasotu zuten gol bat egin arte Parsonsen bidez, amaierarako hamabost minutu besterik geratzen ez zirela. Emozioa puri-purian zegoen. Baina bilbotarrek lerroak itxi zituzten eta, azken unera arte, aldeko markagailuari eutsi zioten.

Modu horretan irabazi zuten Madrilgo Udalak Padrosi utzitako kopa handia, Marabini ospetsuaren lana, eta hortaz, Athleticentzat izan zen Kopako lehen txapelketaren titulu preziatua.

Asier Arrate AC Museoko zuzendariak 1902ko Koroatze Koparen mendeurrena dela eta idatzitako artikulua.