undefined

Minutu gehien jokatu dituzten lehoiak

Minutu gehien jokatu dituzten lehoiak

Oihane Valdezate, 1051 minuturekin, Villacampak gehien erabiltzen duen jokalarietako bat da aurtengo Ligan

Oihane Valdezatek aurrerapausoak ematen jarraitzen du Primera Iberdrolan. Lehoiak 2019ko apirilean egin zuen debuta Joseba Aguirreren eskutik, eta 20/21 denboraldiko lehen zatian gehien zelairatu den jokalaria izan da. Erdilariak 1000 minutuak gainditu ditu (1051) eta orain arte jokatutako 13 jardunaldietan parte hartu du (hamaika titular eta bi ordezko gisa). Trapagarandarrak ez du oraindik goleatzaile gisa txapelketa ofizialean estreinatzea lortu, baina bai sartu zuen gola Eibarren aurka Lezaman jokatutako Euskal Herriko Kopan. Villacampak erdilari zein atzelari gisa zelairatu du Valdezate, futbolari gaztearen fisiko boteretsuari etekina ateraz.

Valdezatek bezala, Oihane Hernandezen papera ere azpimarratu behar da, hamaika partida hasieratik eta bi ordezko gisa jokatu baititu. Sopelakoak 906 minutu jokatu ditu. Biak 2000ko belaunaldikoak eta joan den denboraldian 2023ra arte berrituak, emakumezkoen futboleko maila gorenean sendotzen jarraitzen dute.

Bestalde, Eunatek eta Maria Diazek ere, aurretik aipatutako bi jokalariekin batera, minutuak izan dituzte ligako partida guztietan. Ezker hegalekoa titular atera da zortzi neurketatan eta bost ordezko gisa jokatu ditu. Aurrelaria, ordea, bost aldiz izan da hasierako hamaikakoan, eta zortzitan aulkitik irten da. Biek paper garrantzitsua izan dute zelaian egon diren bakoitzean. Eunatek bost asistentzia eman ditu ezker hegaletik, eta Maria Diazek hiru gol sartu ditu, bere markarik onena hobetuz (bi gol).

Lucia Garcia ere 1.000 baino gehiago

Lucia Garcia Athleticeko aurrelariak ere 1000 minutuak gainditu ditu (1019), 12 partidatan banatuta; hamaika titular gisa eta ordezkoetatik aldi batean. Lezaman, RC Deportivoren aurkako partidan, lehen jardunaldian, ezin izan zuen parte hartu. Lucia Garciak, gainera, zenbaki onekin itxiko du urtea zortzi gol sartu baititu.

1.000 minututik oso gertu geratu da Ainhoa Moraza Gabonetako geldialdian 990 minutuko markara heldu baitzen. Donostiarrak gol bat lortu zuen Atletico Madrilen aurkako partidan.