undefined

Jokoan asko duen derbia

Jokoan asko duen derbia

Gaur Lezaman jokatuko den Bilbao Athleticen eta Real Sociedad Bren arteko neurketa, bi taldeak sailkapenean duten egoera dela eta, garrantzi handiko norgehiagoka da lehen fasea bukatzeko bi jardunaldi falta direnean

Bilbao Athleticek Reala B hartuko du gaur Lezaman, 12:00etatik aurrera, Bilbao Athleticek bere helburua lortzeko berebiziko garrantzia duen neurketan. Azpitaldeko lehen hiru sailkatuen artean izateko oso garrantzitsuak dira bi taldeen artean jokoan izango diren hiru puntuak. Zurigorri eta txuriurdinen arteko norgehiagoka garrantzi handiko partida bihurtu da denboraldiaren bilakaerarako, bi taldeek sailkapenean duten posizioagatik eta txapelketako etapa hau amaitzeko bi partida bakarrik geratzen direlako.

Lehoikumeek garaipena lortu zuten asteazkenean SD Leioaren aurka, 17. jardunaldiko partida atzeratuan (4-0eko emaitzarekin), eta aurreko jardunaldian Barakaldon porrota jaso ondoren, ez ziren aurreko postuetatik aldendu hiru puntuak erdietsi ostean. Hala ere, zurigorriak kontuan hartzeko markak lortzen ari dira; izan ere, azken sei partidetatik bost garaipen lortu dituzte eta bi neurketa bakarrik galdu dituzte Liga osoan.

Joseba Etxeberria Bilbao Athleticeko entrenatzaileak Leioaren aurkako partida amaitzean adierazi zuenez, Lezaman neurketa oso lehiatua izango dela espero du: “Partida polita izango da, baina zaila ere. Haiek ere oso talde ona dute. Neurketa ona egitea eta joaneko partidako emaitza errepikatzea espero dugu”.

Lehen itzuliko norgehiagokan, 10. jardunaldian, garaipena lortu zuen Bilbao Athleticek. Zarragaren eta Aranbarriren golei esker, azken honek bere atean, Bilbao Athleticek hiru puntuak eskuratu zituen Zubietan. Gaur, Etxeberriaren gizonek emaitza bera lortzen saiatuko dira, lehen faseko azken jardunaldiari sendo aurre egiteko, Real Unionen aurka jokatuko dutena.