undefined

Marcelino: “Ez dugu gure mailarik onena eman”

Marcelino: “Ez dugu gure mailarik onena eman”

Entrenatzaileak Realaren nagusitasuna aitortu du: “Egun tristea da, baina bihartik aurrera osatu egin behar dugu Barçaren aurka jokatzeko”

Marcelino Garcia Toralek deitoratu egin du Athleticek bi asteko epean jokatuko dituen Kopako bi finaletako lehenengoan galdutako aukera: “Irabazteko ilusio handia genuen eta ez dugu lortu. Final bat jokatu eta galtzen duzunean, oso une gogorra da. Ondorioak lasaitasunez atera behar ditugu, tristura pasatzen denean, ondo egin ez dugunaz hausnartzeko eta aldatzeko. Taldea etsituta dago orain, baina altxatu eta jarraitu egin behar da”.

Entrenatzaile zurigorriak honela aztertu du norgehiagoka eta bigarren finalaren aurretik espero duena: “Ez gara gu izan, eta gure bertsiotik aldentzen garenean gertatu zaiguna gerta daiteke, zure aurkariak, askoz hobea izan ez arren, titulu bat lortu duela. Gainditu egin gaituzte eta garaipenagatik zoriondu behar ditugu. Lehen zatia oso parekatua izan da, baina bigarren zatiko lehen jokaldiak zalantzak sortu dizkigu eta gero penaltiak Kopa erabaki du. Partidaren aurretik esan genuen xehetasunek erabakiko zutela eta xehetasun horietan Reala nagusi izan da. Ez nago atsekabetuta, partidaren aurretik oso harro bainengoen futbolariez eta oraindik ere hala jarraitzen dut. Baina oso triste nago. Zorionez, 15 egunetan bi finaletan gaude, eta bihartik aurrera, egunetik egunera hobeto egoten saiatuko gara, Bartzelonaren aurkako partidara ahalik eta egoera onenean iritsi ahal izateko”.