undefined

“Biharko partidak pizgarri asko ditu”

“Biharko partidak pizgarri asko ditu”

Marcelino Garcia Toral bigarren garaipena jarraian lortzeko gogoz agertu da biharko Athletic-Real Valladolid partidaren aurretik (19:00etan)

“Atletico Madrilen aurrean erakutsitako mailari jarraipena eman nahi diogu, bai intentsitateari, bai talde-mailari dagokionez. Biharko partidak pizgarri asko ditu, hala nola denboraldi osoan bigarren partida jarraian irabaztea“. Horrela irudikatu du Marcelino Garcia Toralek Athleticek San Mamesen Real Valladoliden aurka jokatuko duen partidaren garrantzia (apirilak 28, asteazkena, 19:00etan). Entrenatzaile asturiarra, gainera, argi mintzatu da taldearen helburuetaz: “Helburu laburrak ezarri ditugu. Bakarra oraingoz Valladolidi irabaztea eta taldeak bere gaitasun handiena erakustea da. Jokalari guztiak ilusionatuta, gogotsu eta euren errendimenduaz konbentzituta sentitzea”.

Bihar San Mames bisitatuko du Valladolidek. Sergio Gonzalezek zuzentzen duen taldea sailkapeneko beheko postuetan dago, baina ez da aurkari errazagoa izango horregatik: “Partida zaila izango da, behean daudelako, hala dio sailkapenak. Bere merezimenduak emaitzak baino askoz handiagoak dira. Irabazten saiatzeko, aurkariak zalantzak izan ditzakeela pentsatu behar dugu, baina %200ean jokatzen ez badugu, aurkariak gainditu egingo gaitu. Partida zaila aurreikusten dut, eta partida honetan xehetasunak erabakigarriak izango dira, alde batean eta bestean”.

Zuri-gorriek liderraren aurkako garaipenak dakarren indartze moralarekin egingo diote aurre Valladoliden aurkako neurketari. Marcelinok ospatu du bere taldearen egoera: “Ligan hainbeste berdinketa lortu ondoren, garaipen bat behar zuten jokalariek. Aldez aurretik, gainera, partida askotan, merezimenduak egin dituzte garaipena lortzeko. Liderrari irabazi izana oso errefortzu moral handia da. Pozik gaude, jokalariak indartsu sentitzen dira eta korronte positibo hori aprobetxatu nahi dugu Valladoliden aurka bigarren garaipena jarraian lortzeko”.

Gainera, azken norgehiagokan lehoi gazteenek erakutsitako mailarengatik galdetuta, Marcelino oso pozik agertu da, baina, aldi berean, zuhur: “Entrenamenduetan eta gero partidetan merezi duen orori taldean sartzea da gure asmoa. Justuak izaten saiatu behar dugu. Oso pozik gaude jokalari hauek eman diguten errendimenduarekin. Denak behar du denbora eta atea behera bota behar dute. Egiten baduzu, sartuko zara, eta bestela kanpoan geratuko zara. Prozesu luzea da”.