undefined

Athletic Club eta Save The Children, elkarlanean

Athletic Club eta Save The Children, elkarlanean

Klub zuri-gorriak #NoMeCallo kanpainan parte hartu du, sexu-abusuak jasaten dituzten haurrei laguntzeko

Athletic Clubek bat egin du, sare sozialetan egindako bideo baten bidez, Save The Childrenek abian jarritako kanpainarekin, sexu-abusuak jasaten dituzten haur guztiei babesa emateko. #NoMeCallo lelopean, Oscar de Marcos eta Yulema Corres Athleticeko jokalariek ahotsa jarri diote haur horiek hitz egitera, salatzera eta ez isiltzera bultzatzen duen kanpainari.

Erakunde zuri-gorriak, Athletic Club Fundazioaren eta ATERPE Klubeko Haurren Babes Gunearen bitartez, hainbat proiektutan elkarrekin lan egiten du iaztik Save The Children elkartearekin.
Fundazioak CRIA proiektuan parte hartzen du, eta honen helburua da haurrek eskola-errendimendu hobea lortzea Lasesarreko kiroldegian astero egiten den entrenamendu-saio baten bidez. Klubeko Haurren Babes Gunea nazioarteko erakundearekin elkarlanean aritu zen “A TU LADO” programarekin. Ekimen honek pobrezia- eta gizarte-bazterketako egoeran dauden haurrei hezkuntzarako, ongizaterako eta babeserako eskubidea bermatzea zuen helburu.