undefined

Lehoiek irailaren 4an hasiko dute liga txapelketa

Lehoiek irailaren 4an hasiko dute liga txapelketa

Emakumeen Lehen eta Bigarren Mailen egutegia ezagutzera eman da, baita 2021-2022 denoraldiko Maila Nazionalera

Athletic Clubek amaiera eman zion atzo 2020-2021 denboraldiari eta dagoeneko hasi du bere oporraldia. Lehoiek atseden hartuko dute hilabete batez, uztailaren 26ra arte, eta egun horretan hasiko dira mediku-azterketak IMQn, Lezaman lanean berriz hasteko. Denboraldi-aurrea uztaileko azken astean hasiko da eta irailaren 4-5eko astebururako aurreikusita dagoen liga hasierara arte luzatuko da, Espainiako Futbol Federazioak gaur iragarri duenez. Lehen Maila 16 taldek osatuko dute: aurreko denboraldian zeuden 14 talde eta igo berriak diren Vila-real CF eta Deportivo Alaves.

Ligak 30 jardunaldi izango ditu guztira, eta maiatzaren 15era arte luzatuko da. Erreginaren Kopa urrian hasiko da eta finala 2022ko maiatzaren 29an jokatuko da. Superkopa urtarrilaren 19tik 23ra izango da.

Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi duenez, aldaketa garrantzitsuak egongo dira 2022-2023 denboraldian. Lehenik eta behin, Primera RFEF-en 14 talde egongo dira, eta ez aurtengo denboraldian egon diren 16 taldeak. Hori dela eta, Lehenengo Mailan denboraldi honetan berriz lau talde jaitsiko dira.

Bigarren Maila eta Maila Nazionala

Athletic Clubek emakumezkoen futbolaren hurrengo bi mailetan izango du ordezkaritza. Bigarren taldeak eta Emakumezkoen “C” taldeak, aurten Maila Nazionalera jaitsi dena, irailaren 4-5eko asteburuan hasiko dute denboraldia. Bigarren Maila maiatzeko azken asteburuan bukatuko da eta igoera playoffak ekaineko lehen asteburuan jokatuko dira. Maila Nazionalari dagokionez, liga maiatzaren 23-24an amaituko da.

2022-2023 denboraldiari begira, Segunda RFEFen 16 taldek osatutako multzo bakarra egongo da eta beste maila berri bat sortuko da, Tercera RFEF. Maila honetan, 16 taldeko bi multzo egongo dira, guztira 32 klub. Azkenik, Maila Nazionalean, 2021/22 denboraldian, 14 taldeko 7  multzo egongo dira eta hurrengo denboraldian, 2022/23an, 16 taldeko 6 multzo.