undefined

“Ilusioari eta anbizioari eutsi behar diegu”

“Ilusioari eta anbizioari eutsi behar diegu”

Marcelinok “Europarako sailkatzeko borrokatzeko” helburuarekin ekingo dio denboraldi-aurreari, egungo jokalariengan “konfiantza” duela eta filialetik datozen jokalariengan “itxaropen handia” duela

Lehen taldea lanera itzuli aurretik, Marcelino Garcia Toralek denboraldiko lehen prentsaurrekoa eskaini du komunikabideen aurrean, Lezaman. Talde zuri-gorriak gaur ekingo dio denboraldi-aurreari Suitzan, uztailaren 16tik 24ra, St. Gallen, Dynamo Kyviv eta Borussia Dortmund taldeen aurka jokatu aurretik.

Zuri-gorrien entrenatzaileak baikortasun mezua helarazi du lanean hasi aurretik: “Pozik nago Athleticeko arduradun nagusia izaten jarraitzeaz. Gogotsu ekingo diogu denboraldi-aurreari: bost aste ditugu lehiaketa ahalik eta ondoen prestatzeko. Anbizioa eta baikortasuna mantendu beharreko balioak dira”.

2021-22 denboraldirako ezarritako helburuei dagokienez, Marcelinok pausoz pauso joan nahi du, baina Europako postuak aipatzen ditu helburu gisa: “Epe motzekoa naiz eta berehalakoa axola zait. Hurrengo helburua lehen partida irabaztea da. Europan sartzeko borrokatzeko ilusioa eta anbizioa izan behar dugu, jokalarien errendimendua handituz. Badakigu zaila dela hori erdiestea, baina ahalik eta emaitza onenak lortzeko gogoarekin hasi gara”.

Denboraldi-aurrea hasteko prest dauden jokalariei dagokienez, Bilbao Athleticetik iristen diren harrobiko jokalariengan konfiantza duela onartu du: “Taldean ditugun jokalariengan konfiantza izaten jarraituko dugu, horiek baitira gehien ezagutzen ditugunak. Baita filialean sartzen diren mutilekin ere, itxaropen handia baitugu beraiengan”.

Athleticeko entrenatzaileak lehia-maila hobetzen jarraitzeko beharra azpimarratu du: “Garrantzitsuena jokoari eta egiturari eustea da. Hortik aurrera, gure jokoa hobetzeko xehetasunekin jarraitu behar dugu. Ondo lehiatzen den taldea izan behar dugu, eta garrantzi handiena eman behar diogu lehia bakoitzari. Erritmoari eta intentsitateari esker, sailkapenaren goiko aldean borrokatuko gara”.