undefined

Lehoikumeak, Marcelinoren aginduetara

Lehoikumeak, Marcelinoren aginduetara

Agirrezabala, Prados, Artola, Nico Williams eta Serrano Bilbao Athleticeko jokalariek lehen taldearekin ekin diote denboraldi-aurreari

Athleticen denboraldi-aurreko entrenamenduen hasierarekin batera, aurreko denboraldian Bilbao Athleticen aritu ziren bost jokalari Marcelino Garcia Toral lehen talde zuri-gorriko teknikariaren aginduetara aritu dira Lezamako lehen saioan. Denboraldi-aurre osoan zehar egingo dute, datorren asteko ostiralean hasiko den Suitzako egonaldia barne.

Julen Agirrezabala atezainak, Beñat Prados erdilariak eta Juan Artola, Nico Williams eta Nico Serrano aurrelariek osatzen dute lehen taldearekin batera arituko diren harrobiko jokalarien taldea. Nico Williamsek, Iñakiren anaiak, debuta egin zuen Marcelinoren aginduetara joan den denboraldian Lehen Mailan. Bestalde, Prados eta Serrano lehen taldearen denboraldi-aurreko dinamikan aritu ziren Gaizka Garitanoren aginduetara joan den udan, lagunarteko zenbait partida jokatuz.

Lehoikumeez gain, Alex Petxarromanek bere lehen entrenamendua burutu zuen atzo jokalari zuri-gorri bezala, eta Dani Vivian, denboraldi batez Smartbank ligako Mirandesen utzita jokatu ondoren, atzo estreinatu zen Marcelinoren aginduetara.