undefined

Quiñonesek, Itxasok eta Pekek, debuta lehen jardunaldian

Quiñonesek, Itxasok eta Pekek, debuta lehen jardunaldian

Hiru jokalariek lehen partida ofiziala jokatu zuten zuri-gorriz jantzita Madrid CFFren aurka

Athletic Clubek Madrilen lortutako garaipenaz gain, neurketak beste albiste on batzuk ere utzi zituen, hala nola, denboraldi honetako hiru aurpegi berrien debuta: Mariasun Quiñones, Itxaso Uriarte eta Ainize Barea “Peke”. Atezaina izan zen hasieratik zelairatu zen bakarra, eta ezustekorik gabe jardun zuen, nahiz eta Madrid CFFk gogor jo zuen hondarribitarrak partida ofizialean lehen aldiz defendatzen zuen atea.

Quiñonesek, gainera, bi alditan izan zuen zutoinen laguntza lehen zatian. Etxeko taldeak langa eta zutoinarekin egin zuen topo, Iturregiren neskek estutasunik handienak pasa zituztenean. Atezain berriak partida osoa jokatu zuen eta garaipen bat lortzeko aukera izan zuen lehoi bezala egin zuen aurreneko aldian.

Bestalde, Itxaso bigarren zatian sartu zen Irene Ogizaren ordez, 60. minutuan. Arabarrak berdegunera salto egin zuen partidaren azken ordu erdian. Gasteizkoak bere izaera eta intentsitatearen zantzuak erakutsi zituen pare bat defentsa ekintzatan eta zelai erdi zuri-gorria txukundu zuen. Handik gutxira, Azkonak 0-2koa jarri zuen markagailuan. Itxasok, belauneko minez, denboraldi-aurreko lehen lagunarteko partida baino ezin izan zuen jokatu, eta 18 zenbakiarekin jokatu zituen denboraldiko lehen minutu ofizialak.

Carabanchelgo kanodromoan sartu zen azkena Peke izan zen. Aurrelariak, 22. zenbakia bizkarrean zuela, Paula Arana ordezkatu zuen, eta jokaldi bakoitzean bere onena eman zuen. Arrigorriagakoak 10 minutu izan zituen baloiak borrokatzeko eta azken minutuetan zuri-gorriek markagailuan zuten abantaila irakurtzen primeran jakin zuen. Hirurek ezagutzen dute jada garaipenaren sentimendua zuri-gorriz jantzita.