undefined

Zarraga: “Gero eta hobeto sentitzen naiz”

Zarraga: “Gero eta hobeto sentitzen naiz”

Granadaren aurkako partidaren atarian, Getxoko erdilariak adierazi du “golak eta aukerak” iritsiko direla eta datorren ostiralean “San Mamesen bultzada” beharko dutela

Oier Zarragak Lezamako prentsa aretotik erantzun die hedabideen galderei, San Mamesen jokatuko den Ligako 15. jardunaldiko Athletic-Granada partidaren atarian.

Lau partida irabazi gabe eman ondoren (RCD Espanyol, Reala, Cadiz CF eta Levante UD), Athletic Clubek garaipena lortu gura du berriro eta Europako postuetara hurbildu. Horretarako, Zarragak pizgarri handia ikusten du zaleen babesean berriro jokatzeko: “Garrantzitsua da etxean indartsu aritzea. Zailtasun uneetan, zaleek asko laguntzen digute, oso babestuta sentitzen gara. Bultzada hori beharko dugu, denok batera lortuko dugu, ziur. Ba al dago etxean berriro jokatzea baino aukera hoberik, falta zaigun jariakortasun hori berriz izateko?”.

Taldeak bizi duen egoeraz galdetuta, jokalariak onartu du defentsari dagokionez erasoari dagokionez baino hobeto ari dela taldea, baina baikor agertu da: “Denboraldi hasiera ona izan dela uste dut. Nire ustez hobekuntza ikusi da iazko amaieratik. Egia da azken neurketetan kosta egin izan zaigula, baina konfiantza dut egiten dugun lanean. Aukerak hor daude eta golak iritsiko dira”.

Lan taldean duen egoera pertsonalari dagokionez, Zarragak pausoz pauso joan nahi du, lehen taldearen dinamikan bigarren denboraldia duela jakinda: “Gero eta hobeto sentitzen naiz eta lanean jarraitu behar dut. Pixkanaka minutuak hartu behar ditut, nire bigarren urtea besterik ez da. Hasi berria naiz eta talde oso ona dago, baina entrenatzaileari minutuak izan ditzakedala erakutsi behar diot. Beti daukadan guztia ematen dut, egunero entrenatzen naiz titular izateko”. 

Bere burua futbolari gisa nola definitzen duen galdetuta, Getxokoak bere bertuteak deskribatu ditu: “Erritmo biziz jokatzen diren partidak gustatzen zaizkit, trantsizio azkarrak dituztenak, aurrerantz jokatzen direnak. Goletik gertu egote gustatzen zait. Neure buruarengan konfiantza irabazi dut eta zelaiaren erdian, barrutik zein kanpotik joka dezaket”.