undefined

“Emaitzek diotena baino hobeto gaude”

“Emaitzek diotena baino hobeto gaude”

Real Madrilen aurkako partidaren zailtasunaz ohartarazi du Marcelinok, eta “sufrituta eta esfortzu handiz” jokatuko duen partidarako prestatu du taldea

Marcelino Garcia Toralek komunikabideen galderei erantzun die Lezamako prentsa aretotik, Ligako 9. jardunaldian atzeratu zen Real Madril CFren aurkako partidaren atarian.

Entrenatzaile zuri-gorriak badaki zaila eta “oso exijentea” dela txapelketako liderraren aurka jokatzea: “Real Madril sasoi onean dago eta defentsan ahalegin handiak egitera behartuko gaitu. Sufritzeko prestatu behar dugu, eta ahaleginak egin beharko ditugu sufrimendu hori ondo bideratzeko. Gainera, liga honetan erabakigarriak diren erasoko bi jokalari dituzte, bien artean 20 gol sartuta. Goian dauden talde guztiek erakutsi dute eraginkorrak direla, eta argi dago Real Madril dela titulua irabazteko faborito nagusietako bat”. 

Marcelinok aurreko partidetan egindako akatsak onartu ditu, baina argi dauka, batez ere, bere taldearen indarguneak nabarmentzen direla: “Oso lehiakorrak gara, eta zaila da gu gainditzea. Gainera, defentsa-arloan indartsuak gara. Bi partida bakarrik galdu ditugu, baina agian gutxien pentsatzen genuenak eta inoiz uste ez genuen zelaian. Ideia argiak ditugu eta ez ditugu aldatuko. Nire ustez, emaitzek diotena baino hobeto gaude. Madrilera lehiatzera goaz, irabazten saiatzera, anbizio handienarekin, zailtasunaren berri jakinda”.

Athleticeko entrenatzaileak gazteenei buruz ere hitz egin du: “Partida bikaina jokatu zuten aurreko jardunaldian, sekulako ahalegina egin zuten. Pazientzia eskatuko nuke futbolari batek izan behar dituen balio guztiak barneratzen joan daitezen. Oso gaitasun onak dituzte, eta, mentalki, beren rola zein den badakite. Presioak ezin die euren errendimenduari kalte egin”.