undefined

Partida Aurrekoa: Athletic Club vs Real Madrid (Superkopako finala)

Partida Aurrekoa: Athletic Club vs Real Madrid (Superkopako finala)

Zuri-gorrien eta madrildarren arteko hitzordu historikoaren (19:30ean) xehetasun guztiak

Athletic Clubek Superkopako finalerdian Atletico Madriden aurka markagailua irauli ostean lortutako garaipenaren ondoren, lehoiek titulua laugarren aldiz irabazteko azken pausoari ekingo diote gaur (2021, 2015 eta 1984ko edizioetan garaikurra eraman zuten). Zuri-gorriek Real Madriden aurka jokatuko dute txapelketako final handian, 19:30etik aurrera, Riyadheko King Fahd Stadiumean, koltxoneroen aurkako partida jokatu zen estadio berean. Marcelino Garcia Toralen gizonek laugarren finala jokatuko dute urtebetean, Carlo Ancelottik zuzentzen duen taldearen aurka. Azken honek titulua lortzeko txartela lortu zuen FC Barcelona mendean hartuta. Gaurko finala ez da 1954tik errepikatzen, “once aldeanos”-en partida bezala ezagutzen den final hartatik. Zarrak, Panizok, Venanciok eta Gainzak, besteak beste, Di Stefano izar zuen Real Madrid garaitu zuten. Eta efemeride gehiagorako, gaur 65 urte Athletic eta Manchester Uniteden arteko neurketa mitikoa jokatu zen, lehoiek 5-3 irabazi zioten talde ingelesari San Mamesen, elurrezko estalki baten azpian.

Txapeldun izan ziren azken bi edizioetan, 2015ean eta 2021ean, zuri-gorriek Barcelona gainditu zuten finalean. Joan den denboraldian 2-3 irabazi zioten talde kataluniarrari La Cartuja Estadioko norgehiagoka erabakigarriaren luzapenean, eta aurretik Real Madrid gainditu zuten finalerdietan, gaurko aurkaria, 1-2 La Rosaledan. Orain dela zazpi urte, titulua partida bikoitzera erabaki zen eta bilbotarrek 4-0 bideratu zuten garaipena joaneko partidan San Mamesen eta ondoren bana (1-1) berdindu zuten Camp Noun. 1984an ez zen partidarik jokatu behar izan, Athleticek Liga eta Kopa irabazi baitzituen aurreko denboraldian. Izan ere, 1996ra arte, urte berean bi garaikurrak eskuratzen zituen taldeak zuzenean bereganatzen zuen Superkopa.

Deialdia

Finalerako zerrendan 25 jokalari daude: Unai Simon, Jokin Ezkieta, Agirrezabala, Petxarroman, Nuñez, I. Martinez, Yeray, Vesga, Berenguer, O. Sancet, I. Williams, Muniain, Vivian, Dani Garcia, Lekue, Yuri Berchiche, De Marcos, Zarraga, Villalibre, Capa, Raul Garcia, Nolaskoain, Balenziaga, N. Williams eta Serrano. Yurik, Atletico Madriden aurkako partidan bere lehen minutuak jokatu ondoren, erabat sendatuta zegoela erakutsi zuen. Unai Nuñez, osatuta, atzo batu zen zuri-gorrien Riyadheko espediziora eta bere taldekideekin egongo da gaur.

Marcelino

Hemen ikus dezakezu Marcelino Garcia Toral Athletic Clubeko teknikariaren agerraldia Riyadhetik, gaur arratsaldeko King Fahd International Stadiumeko partidaren aurretik.

Iker Muniain

Ikusi hemen Iker Munian Athletic Clubeko kapitainaren agerraldia Riyadhetik, King Fahd International Stadiumen jokatuko den finalaren aurretik.

Aurkaria

 

 

 

 

 

 

Real Madrid 1902ko martxoaren 6an sortu zen, eta 120 urte hauetan Superkopako titulua 11 aldiz altxatzea lortu du. Azkena 2019-20 denboraldian izan zen, Saudi Arabian jokatutako lehen edizioan. Denboraldi hartan, Valencia kanporatu zuen finalerdietan, eta Atletico Madriden aurkako final estu batean, penalti puntutik asmatzeak balantza zurien aldera bideratu zuen. Titulu horiez gain, talde madrildarraren palmaresean 34 Liga, 19 Kopa, 13 Champions League, bi UEFA Kopa, zazpi Kluben Munduko Txapelketa eta Europako lau Superkopa nabarmentzen dira.

Zuri-gorrien eta talde zuriaren arteko aurrekaririk gertukoena Superkoparen iazko edizioan dago, non Marcelinoren jokalariek La Rosaledan 1-2 gainditu, finalerako txartela lortu zuten eta gerora txapeldun bilakatuko ziren. Bi taldeen arteko balantze historikoa, ordea, aldekoa da Ancelottiren taldearentzat. Real Madridek 132 aldiz garaitu du Athletic, eta zuri-gorriek 84 aldiz irabazi dute. Gaurko partida, euren artean jokatuko duten 264. norgehiagoka izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu bi taldeen arteko estatistika guztiak.

Athleticzaleak munduan zehar

Zauden tokian zaudela, ez ezazu galdu Athleticen partida.