undefined

Athleticek eta Benficak lankindetzan jarraitzen dute

Athleticek eta Benficak lankindetzan jarraitzen dute

Lezamako teknikariek Portugalgo taldearen instalazioak bisitatu dituzte, harrobiko prozesuak eta oinarrizko futbolaren errendimendua hobetzeko bien artean sinatutako lankidetza-esparruan

Athletic Clubek SL Benficak Lisboan dituen instalazioak bisitatu berri ditu. Lezaman oinarrizko futbola prestatzeaz arduratzen diren bost teknikarik Portugalgo klubeko arlo desberdinen lana sakonki ezagutzeko aukera izan dute. Bi taldeen arteko bigarren topaketa izan da, harrobien prozesuak eta errendimendua optimizatzeko sinatutako lankidetza-akordioaren haria eginikoa. Bi taldeen arteko lehen bilera joan den martxoan izan zen Lezaman.

Helburua da oinarrizko futbolaren esparruan berrikuntza-puntuak eta ezagutza zientifikoak partekatzea, futbolarien heltze-prozesuan zailtasunak konpontzen laguntzeko, bai eta bi taldeentzat onuragarriak izan daitezkeen praktika onak eta metodologiak bateratzea ere.

Andoni Bombinek, Lezamako metodologia arduradunak, akordioaren garrantzia azpimarratu du: “Elkarrengandik ikastea interesatzen zaigu. Asmoa da ezagutzak eskuratzea, Benficak dagoeneko konpondu dituen arazoen konponbidea arintzeko, eta alderantziz. Oso lotuta gaude lortu nahi dugun horretan, eta asmoa da bi erakundeei lagunduko dieten proiektuetan lan egiteko eremu komun bat lortzea”.

Rui Passok, SL Benficako presidenteordeak, horrela baloratu du bi kluben arteko lankidetza: “Hitzarmena ulertzeko abiapuntu egokia da Athleticek eta Benficak formakuntzari ematen dioten garrantzia. Bi harrobiak mundu mailan ezagunak dira, baina Athletic oso testuinguru berezian mugitzen da, non Euskal Herrian jaiotako edo hezitako jokalariak bakarrik izan ditzaketen. Mugatuta egon arren, talde lehiakorrak dituzte, Real Madril eta FC Bartzelonarekin batera Lehen Mailatik inoiz jaitsi ez diren LaLigako hiru klubetako bat izanik. Harrobia elikatzeko modu horretatik ‘edan’ behar dugu, ulertu nola lortzen duten hori egitea hain jokalari lagin txikiarekin”.ç

Athletic Cluben aldetik, Lisboara joan dira Andoni Bombin (Lezamako metodologia arduraduna), Alberto Iglesias (analisi arduraduna), Aitor Ugarte (baldintzapeko departamentuaren arduraduna), Anselmo Ruiz de Alarcon (Data Science) eta Jon Larruskain (mediku arloko Data Science). Bisitan Benficako Estadio da Luz, bertako museoa eta formakuntza campusa ezagutzeko aukera izan dute.