undefined

Jose Angel Iribar egoitza, Lezamako harribitxia

Jose Angel Iribar egoitza, Lezamako harribitxia

Oinarrizko mailetako eta emakumezkoen lehen talderako eraikin nagusiko, futbolarien egoitzako eta gizonezkoen lehen taldearen eraikineko obra orokorren amaiera ospatzeko ekitaldia

Athletic Clubek ate irekien jardunaldi bat egin du Lezaman, instalazio zuri-gorri berrien inaugurazio ekitaldia, gure futbolarien errendimenduarentzat eta etorkizunerako urrats argia direnak. Gizonezkoen lehen taldearen eraikinari, 2021eko urtarriletik martxan dagoenari, egoitza eta eraikin nagusia batu zaizkio orain. Azken honetan oinarrizko mailetako jokalariak eta emakumezkoen lehen taldea biziko dira. Ekitaldiaren une hunkigarrienetako batean, Lezamako egoitzari Jose Angel Iribar izena jarri zaio, atezain mitikoa bertan zela. Merezitako keinu historikoa izan da.

Kudeaketa Batzordeak, Aitor Elizegi buru zela, Lezamako Udaleko, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak izan ditu gaurkoan ondoan, besteak beste. Halaber, Ana Urquijo eta Jose Julian Lertxundi presidente ohiak, Andoni Goikoetxea, Carlos Gurpegui, Jabo Irureta, Eli Ibarra, Iraia Iturregi klubeko mitoak, Lezamako teknikari eta langileak eta Rafa Alkorta eta Joseba Aguirre kirol zuzendariak ere egon dira.

Gainera, Telmo Zarra, Piru Gainza, Koldo Agirre eta Iribar bera bezalako mitoen familiak ere etorri dira Lezama, garai bateko instalazioetako arduradunen familiekin batera, Loidi eta Renteriatarrak kasu. Eraikinen proiektuen arduradunek eta klubeko babesleek ere hiru instalazio berriak sakon ezagutzeko ibilaldian parte hartu dute.

Azpiegituren berregituraketa honen aurretik, gizonezkoen lehen taldeak Lezamako eraikin nagusiaren %70 hartzen zuen gutxi gorabehera, eta oso zaila zen lehen mailako lan-eremu profesionalak talentu gazteen prestakuntza eta garapen-lanekin bateragarri egitea. Lehen taldearen eraikina egiearekin batera, hauek leku aldatu eta eraikina eraisten hasteko nahikoa leku askatu zen, gainerako zerbitzuak Lezamako beste eremu batzuetara aldatu ondoren (bulegoak, gimnasioa, tratamendu medikoko guneak…). Eraiste lanak 2021eko urtarrilean hasi ziren.

Pandemiarekin, azken gerra prozesuarekin eta garraio grebarekin zailtasunak egon diren arren, obren amaiera hitzartutako epe eta aurrekontuetan bete da. Hori guztia, proiektu hauen lehen zirriborroetan lanean hasi ziren enpresa eta langile guztiei esker.

LEHEN TALDEAREN ERAIKINA

3.600 m2-ko eraikina, hiru solairutan garatua, gizonezkoen lehen taldearen behar guztiei zerbitzu osoa ematen die, gimnasio, ebaluazio mediko, errekuperazio, hidroterapia, prestakuntza eta nutrizio guneekin. 2021eko urtarrilean inauguratu zen, eta lehen erabilera-eguna Superkopako garaikurra Lezamara iritsi zenekoa izan zen. Era berean, entrenamenduko 1. zelaiaren ondoko eremua urbanizatu da, bai eta harmaila berri bat eraiki ere.

Datu nagusiak:

  • 3.580 m2 eraikiak
  • 1.900 m2 lur azpian
  • Lanen hasiera: 2019ko iraila
  • Inaugurazioa: 2021eko urtarrila

EGOITZA ETA ERAIKIN NAGUSIA

2021eko ekainean amaitu zen Jose Angel Iribar egoitza berriaren eraikuntza. Eraikin honek 1.110 m2 ditu bi solairutan banatuta, 29 logela bikoitz eta biltegirako 600 m2ko soto-solairuarekin.

Eraikin hau Lezamako eraikin nagusiaren ondoan dago. Eraikin nagusian egoiliarren prestakuntzarako, aisialdirako eta elikadurarako behin betiko guneak daude. Horrez gain, Klubaren oinarrizko mailetak futbol taldeentzako aldagela berriak izango ditu, bai eta gimnasioa, gune medikoa, jatetxe-gunea eta Lezamako bulego nagusiak.

Egoitzaren datu nagusiak:

  • 1.110 m2 karratuko azalera
  • 29 gela bikoitz + pertsona batentzako bat (arduraduna)
  • 600m2 gehigarri lurazpian
  • Lanen hasiera: 2020ko maiatza.
  • Inaugurazioa: 2021eko ekaina

Eraikin nagusiko datuak:

  • 4.200 m2 berrituta.
  • 1.300 m2 lurazpian (parkinga, gune teknikoak eta prentsa aretoa)
  • Lanen hasiera: 2021eko urtarrila
  • Inaugurazioa: 2022ko ekainaren 2a